HERRI KIROLAK/HARRIA
Zarauzko Bi Harri Txapelketa, abuztuaren 1ean
Argazkiak: Egursport
Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatua, Zarauzko Bi Harri Txapelketaren edizio berri bat jokatuko da datorren abuztuaren 1ean, igandea, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30tatik aurrera, urtero lez bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri, jaso beharko dituztelarik parte hartzaileek.
Aurtengo berrikuntza nagusia da lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartuko dutela txapelketan. Emakumeak plazan harriak altxatzen ikustea gero eta ohikoagoa den arren, abuztuaren 1ekoa izango da harri baldarretan ariko diren lehen txapelketa. Ondoko lau harri-jasotzaileak aterako dira lehiara Aritzbatalden: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Lur Errekondo eta Lierni. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten dizkienak eskuratuko du lehen txapela.
Gizonezkoetan, berriz, bosgarren aldiz jokatuko da Bi Harri txapelketa. Horiek 117 eta 119 kiloko harriak altxatu beharko dituzte ahal duten beste alditan, zazpi minutuan. Ondoko harri-jasotzaileek hartuko dute parte: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Iñigo Eizagirre Eiza, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Pedro Azpiazu.
Emakumezkoen Zarauzko Bi Harri Txapelketa
Harri baldar hauei dagokienean, emakumezkoen Jai Txiki (63 kg) eta Mollarri (51 kg) harriak erabili beharko dituzte, eta gizonezkoen gisan, zazpi minutuko tanda bakar batean ahalik eta jasoaldi gehien eman beharko dituzte, harriak txandakatuz.
Partaideak:
- Lierni Osa “Lierni”:
26 urteko zarauztarra, Zarauzko Bi Harri Txapelketa izango da parte hartzen duen lehen harrijasotze txapelketa. Crossfit mundutik dator.
- Lur Errekondo “Lur”:
26 urteko usurbildarra, lehenengo aldiz hartuko du parte harrijasotze txapelketa batean. Eskubaloi jokalaria izan da orain artean.
- Lucia Orbe “Orbe”:
32 urteko bilbotarra, I. Emakumezkoen Binakako Pentatloi Txapelketan garaile izan zen Garazi Arrutirekin batera. Crossfit mundutik dator.
- Karmele Gisasola “Zelai III.a”:
27 urteko mallabitarra, herri kiroletako modalitate ugaritan ikusi izan dugu: harrijasotzen, trontzan, ingudearekin, aizkoran, pentatloian, … Beste hainbat lorpenen artean, 2019. Urtean Euskadiko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa irabazi zuen.
Gizonezkoen Zarauzko Bi Harri Txapelketa
Urtero bezala, partaideek 7 minutuko tanda bat egin beharko dute gizonezkoen Jai Txiki (117 kg) eta Mollarri (119 kg) harriak txandakatuz. Berdinketaren kasuan, pisu arineneko harrijasotzailea geratuko da aurretik.
Partaideak:
- Aimar Galarraga “Galarraga”: 37 urteko oriotarra, 2016 eta 2018ko edizioetan lehiatu ostean, hirugarren aldiz parte hartuko du Zarauzko Bi Harri Txapelketan. Bere markarik onena 2018an eman zituen 16 jasoaldikoa da.
- Gorka Etxeberria “Gorka”: 26 urteko ortzaikarra, 2018 eta 2019koen ostean, aurtengoa bere hirugarren partehartzea izango da. 2019an lortu zuen markarik onena 18 jasoaldirekin.
- Hodei Iruretagoiena “Izeta IV.a”: 35 urteko zarauztarra, bera izan da azken bi edizioetako txapelduna, bietan ere 23 jasoaldi emanda. Datu bitxi bezala, bera da orain arte jokatutako lau edizioetan parte hartu duen harrijasotzaile bakarra.
- Iñigo Eizagirre “Eiza”: 6 urteko zarauztarra, 2016, 2017 eta 2019ko txapelketetan lehiatu ostean, aurten izango du bere laugarren parte hartzea. 2019koa du markarik onena, 18 jasoaldirekin.
- Jesus Mari Iruretagoiena “Izeta III.a”: 47 urteko aiarra, 2016, 2017 eta 2019ko txapelketetan lehiatu ostean, aurten izango du bere laugarren parte hartzea. Azken edizioan podioan izan zen, 21 jasoaldirekin hirugarren eginda.
- Mikel Lopetegi “Urra”: 24 urteko zarauztarra, 2018, 2019 eta 2020. urteetako Euskal Herriko Harri Txikietako txapelduna. 2018an Igeldoko Harria irabazi zuen. 2016 eta 2018ko txapelketetan izan ostean, aurten hirugarren aldiz ikusiko dugu Jai Txiki eta Mollarri harriekin lehian. Markarik onena 2018an lortu zuen, 22 jasoaldirekin bigarrena izan zen Izeta IV.ren atzetik.
- Jokin Eizmendi “Jokin”: 36 urteko zarauztarra, besteak beste, 3 aldiz Euskadiko Harri Handien Txapelketako irabazle (2014, 2015 eta 2018), 6 aldiz Igeldo Harriko irabazle (2014, 2015, 2016, 2017, 2019 eta 2020) eta 2019ko Albitzuri Handia txapelketako garailea. Zarautzen inoiz irabazi ez badu ere, berak du aurtengo partaideen artean markarik onena, 2017ko bigarren edizioan emandako 24 jasoaldiak.
- Paulo Azpiazu “Azpiazu”: 25 urteko bergararra, lehen aldiz hartuko du parte harrijasotze txapelketa batean.
Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdia igandean Urrestillan
Urrezko Kopako finalerako bigarren txartela jokoan, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondoren arteko lehian
Inaxio Perurena eta Joseba Ostolaza 200 kiloko harri errektangularrarekin lehiatuko dira
Iragana eta orainaldia lotzen duen haritik lehiatuko dira harrijasotzaileak txapelketa ezin interesgarriagoan
Euskal Herriko launakako sokatira txapelketako jardunaldia Ozetan
Bigarren jardunaldi honen ostean Txapelketako finalerako sailkapena erabakita gelditu da