MENDI LASTERKETAK

Zaldibiako Mendi Lasterketa bertan behera

by | 2020/05/03

Ekainaren 20an egitekoa zen Zaldibiako Mendi lasterketaren bigarren edizioa hurrengo urtera arte atzeratu dute

 

Zaldibiako Mendi Lasterketaren antolakuntza taldeak adierazpen ofiziala kaleratu du non  COVID-19ak eragindako egoera ikusita eta zuhurtziaz jokatuz, aurtengo lasterketa bertan behera uztea erabaki duten.

Oharrean diotenez, egoera aldatzen hasia dela badirudi ere, ez dute argi ikusten ekainaren 20an lasterketa nahi bezala burutu ahal izateko baldintzak egongo direnik, eta hori dela eta, ez dituzte arriskuan jarri nahi boluntarioak, parte hartzaileak, ikusleak ez eta herritarrak ere.

Aurtengo ekitaldia erronka gehigarri zein interesgarriekin zetorren, hain juxtu horietako bat Euskal Herriko mendi lasterketen ranking-erako puntuagarria izatea.

Erabaki honek eragin ditzakeen ondorioak ikusita, izen ematearen diru kopurua %100ean itzuliko zaie izena emandako guztiei, gaineratu dute antolakuntzako kideek.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete babesleei, zaldibitarrei eta modu batean edo bestean parte hartzen duten guztiei.

Iazko edizioa

2019an, Zaldibiako Mendi Lasterketaren lehenengo edizioa lehiatu zen, Ainhoa Sanzek eta Iñaki Olanok garaipena lortu zutelarik.

Gizonezkoetan, Iñaki Olano altzotarrak irabazi zuen iazko edizioa, bi ordu, 29 minutu eta 15 segundo erabilita. Bigarren gizonezkoa Ibon San Miguel lekeitiarra izan zen eta hirugarrena Xabier Macias iruindarra.

Proba luzean parte hartu zuten emakumeei dagokienez, garaipena Ainhoa Sanz urretxuarrak eskuratu zuen, bi ordu, 46 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Bigarren postuan Laida Elizegi zaldibiarra helmugaratu zen eta hirugarren Sonia Lopez ermuarra.

Proba motzean aldiz,  Gartzen Elejabarrieta abadiñoarra eta Ainhoa Jauregi urnietarra nagusitu ziren. Bigarren gizonezkoa Iker Diges huartearra izan zen eta hirugarrena Josu Urrestarazu idiazabaldarra. Emakumeei dagokienez, bigarrena Laiane Arrospide tolosarra izan zen eta hirugarrena Irati Larrañaga usurbildarra.

18 urte beteak dituen edozein mendizale, atleta edota kirolarik parte hartu ahal izaten du lasterketa luzean; lasterketa motzean aldiz, 15 urte beteta eduki eta guraso edota tutoreen baimena erakutsi beharra dago.

Share This