HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Zabalik da Lur Gaineko Sokatira Mundialerako talde eta selekzioen izen emate epea
Lur Gaineko (Outdoor) Munduko Sokatira txapelketan izena emateko aukera ireki da dagoeneko, talde eta nazioentzat. Uztailaren 1etik abuztuaren 6ra TWIFek eskaintzen duen webgunearen bidez eman ahal izango da izena.
Aurreikusia zegoenez, TWIF World Outdoor Tug of War Championships 2021 eta TWIF Open Clubs Competition txapelketak Getxon egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2021eko irailaren 16tik 19ra.
Orain, antolatzaileek argitara emandako oharrean izena emateko epea zabalik dela jakinarazteaz aparte, TWIFen ekitaldi handi honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute, 2020an mundua itxi zuen arazo baten ondorioz behartutako geldialdia izan ondoren. Gainera, gogorarazi dute hau Txapelketa Ofizialerako deialdia dela eta Munduko Jokoetarako sailkapen-txapelketa dela.
Aditzera eman dutenez, segurtasun-plan bat egin dute parte-hartzaile guztien eta orohar Txapelketara joaten diren pertsona guztien osasuna bermatzen duen prozedura batekin, eta gogor ari dira lanean Getxoko Sokatira Mundiala gogoangarria izan dadin.
Izen emate datak:
Uztailaren 1etik abuztuaren 6a bitartean.
Izen ematea
Nazioetako taldeek jaso duten mezuari erantzunez egingo dute, dokumentazioa helaraziz.
Taldeak TWIFeko webgunean zuzenean dagoen inprimakiaren bidez egin dezakete.
Lur Gaineko Sokatira Mundiala
Irailaren 15etik 19ra, Getxon izango den lur gaineko Sokatira Mundialaren aurreneko bi egunetan kluben arteko norgehiagoka izango da eta, azkenengo bietan, aldiz, selekzioen artekoa. Denera, lau kontinentetako 30 herrialdetatik etorritako 1.500 kirolari inguruk parte hartuko dute lehian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mundialaren lehia atal bitan egituratuko da: lehenengo egun bietan torneo bat egingo dute Tug of War International Federation-ari (TWIF) atxikitako eta 72 herrialdetatik etorriko diren klubetako kideen artean, eta azken egun bietan, aldiz, talde nazionalen txapelketa egingo dute.
Lehiak kategoria ezberdinetan garatuko dira, modalitateen eta pisuen arabera, emakumezko zein gizonezkoetan, mistoak diren sekzioak ere kontutan hartuko direlarik.
Sokatirako ospakizun hau bi urtetan behin egiten da, aurretik Hegoafrikan (2018), Suedian (2016) eta AEBetan lehiatu delarik. Ez da lehenengo aldia izango Getxon ezaugarri hauetako txapelketa bat antolatzen dena. 1991ean Fadurako Kirol Gunea goma modalitateko sokatiraren lehenengo Munduko Txapelketaren egoitza izan zen eta.
Bestalde, Getxoko Mundialean hiru aldagai garrantzitsu emango dira. Alde batetik, TWIF Nazioarteko Federazioak bere 60. urteurrena bete zuen 2020an, eta pandemiak ospakizunak eten baditu ere, Getxoko Txapelketan berreskuratzeko asmoa dute.
Bestetik, txapelketa honetan parte hartzeak kirolariengan sortutako interes handia nabarmendu behar da, izan ere, bertan ematen diren emaitzak 2022ko Munduko Jokoetara sailkatzeko balioa izango dutelako.
Eta hirugarrenez, 2021eko hasieran dopping-aren kontrako araudi berria martxan jarriko delako sokatira arloan, neurri zorrotzagoak ezarriz.
Txapelketa mundial baterako egoitza izateko Getxoren aukeraketa, nazioarteko testuinguruan nortasun propioarekin lehiatzeko eta selekzioaren ofizialtasuna lortzeko esfortzu irmo baten emaitza da.
Munduko Txapelketaren logoak “Sokatira Mundiala” izenburua dakar, horrela kirolaren euskarazko izendapena finkatuz, kirol honek gure herrian izan duen errotzea bistaratu nahian.
Euskal Herriko talde nazionala
2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu zuen Federazioan eta, ordutik, nazioarteko txapelketetan parte har dezake, Basque Country izendapenarekin.
Urte horretako abuztuan talde nazional modura lehenengo aldiz lehiatu zen, AEBetako Wisconsinen ospatutako lurreko Sokatira Mundialean. 2018an, gainera, Lurmutur Hirian ospatutako azken Munduko Txapelketan Basque Country taldearen ordezkaritzak arrakasta bikaina lortu zuen, etxera zazpi domina ekarrita: hiru sari selekzio nazionalen araberako txapelketan; zilarra gizonezkoen kategoriako 560 kilotan, brontzea emakumezkoen kategoriako 500 kilotan eta zilarra Mundialean lehiatzen ziren proba guztien artean gogorrena eta lehiakorrena den gizonezkoen 720 kilotako azken jardunaldian. Eta beste lau taldeen araberako modalitatean, Goiherrirako bi dominakin eta Gaztedirako beste birekin: Goiherrik zilarra eskuratu zuen 560 kiloko kategorian; eta brontzea 640 kiloko gizonezkoen hitzorduan. Gaztedik, aldiz, zilarra jaso zuen emakumezkoen 540 kiloko kategorian; eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen Goiherriren aurka.
Binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika nagusitu dira Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumeen banakakoan Irati Astondoak Itxaso Onsalori irabazi dio
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa jokoan da
Abiatu da Euskal Herriko Goma Gaineko Euskal Herriko zortzinakako Txapelketa eta iaz bezala Beti Gazte da nagusi
Urrezko binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia igandean Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika arituko dira nor baino nor Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumezkoetan Itxaso Onsalok Irati Astondoa izango du aurrez aurre.