TXIRRINDULARITZA
Uztailaren 26tik aurrera hasiko dira EAE mailako txirrindularitza probak
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak jakinarazi duenez, uztailaren 26tik aurrera bueltatu ahal izango dira berriz txirrindularitza lasterketak Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hasierako plangintza bestelakoa bazen ere, erabaki honen ondorioz beraz, ez da azkenean txirrindularitza probarik lehiatuko Erkidego autonomoan uztailaren 26ra arte, alarma egoera datorren igandean amaitzekoa bada ere, Eusko Jaurlaritzak beste hilabete batez luzatu baitu baimena emateko epea.
Behin gauzak definitiboki argituta, txirrindularitza egutegia berriro birmoldatu beharko da, izan ere, orain adostutako dataren aurretik Euskaldun Torneoaren eta Lehendakari Txapelketaren lasterketa batzuk izatea aurreikusia zegoen, Elite eta 23 urtez azpikoen kategorietakoak.
Esaterako, ekainaren 21ean antolatzekoa zen Lehendakari Txapelketako hitzordua Tolosan, eta ekainaren 29an Euskaldun Torneoaren baitan lehiatzen den San Pedro Klasikoa Irunen.
Maila profesionalari dagokionez, dena ondo bidean, Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa saria izango da EAEn lehiatuko den aurreneko lasterketa, uztailaren 26an bertan, hain justu.
Astebete geroago Getxoko Zirkuituaren txanda izango da eta Gipuzkoa Klasikak aldez aurretik ezarritako data mantenduko du, abuztuaren 30a, alegia.
Udazkenean giroa berotuko da, izan ere, irailaren amaieratik urriaren erdialdera bitartean lau hitzordu izango ditugu Gipuzkoan: irailaren 27an Santikutz Klasika, urriaren 10ean Aiztondo Klasikoa, urriaren 11an Balentziaga Memoriala eta urriaren 12an Ordiziako Klasika.
Bestalde, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak atera duen agirian, lehiaketetan higiene- eta urruntze-neurri guztien eta ezartzen den beste edozein arauen jarraipena bermatzeko protokoloa bat garatzeko lanean dabilela jakinarazi du.
TXIRRINDULARITZA
Aiztondo Klasika-Patxi Alkorta Memoriala bertan behera geratu da
Antolatzaileei ezinezkoa egiten zaie txirrindulari, antolatzaile eta zaleen segurtasuna bermatzeko beharko litzatekeen azpiegiturari aurre egitea
Oier Iturraldek irabazi du 2020 Transpyrenees txirrindularitza froga
Errepidean 1000 km baino gehiago egin eta 40 mendate igo ostean, 2 egun, 18 ordu eta 56 minutuko denborakin jantzi du txapela Atanok
Igor Arrietak irabazi du Euskadiko Junior mailako Txapelketa
Berriatuako lasterketa irabazi du uharte arakildarrak, urrutitik erasoa jo eta gero