EUSKAL PILOTA

Uterga eta Barricartek irabazi dute Iruñerriko erremonte txapelketa

2021/04/12

Iruñerriko erremonte profesionaleko lehen txapelketaren finala jokatu zuten pasa den  apirilaren 9an Iruñeko Labriten. Ostiral arratsaldean, 18:30ean, hasi zen jaialdiaren lehen partida, non Zeberio II.a eta Garces, Otxandorena eta Ionen aurkako lehian garaile atera ziren (35-25).

Jarraian, Txapelketako finalaren txanda izan zen, Xanti Uterga eta Barricart, Josetxo Ezkurra eta Aimar Saldiasen kontra aritu zirelarik. Xanti Uterga eta Josetxo Ezkurra doneztebarrak, bi bikoteetako erreferenteak, aurrez aurre izan ziren aurreko koadroetan, atzean Barricart eta Saldias zituztela.

Azkenean, 49 minuto eta 383 pilotakaden ostean, Uterga eta Barricartek eraman zituzten txapelak etxera, norgehiagoka bikain batean.

Xanti Uterga izan zen erremontistarik onena, guztira 25 tanto erdietsi zituelarik, baina orohar lau pilotariek maila ona erakutsi zuten.

Atzealdean, Aimar Saldias torneoko ezusteko izarra zela erakutsi zuen berriro ere eta Ibai Barricartek bere aldetik, partidu amaiera bikaina burutu zuen. Aurrekaldean berriz, maila haundiko lehia eman zen, Uterga zein Ezkurra errematean ederki asmatu zutelarik.

Uterga-Barricart bikoteak lortu zituen aurreneko abantailak (4-0 y 6-2), baina aurkariek berehala zuloa estali eta ados jartzea lortu zuten (12-12). Handik aurrera berdinketaz berdinketa joan ziren 21nakora arte hamar alditan jarri zirelarik markagailuan parean.

Hortxe alde txikia eskuratu zuten Uterga eta Barricartek baina berriro ere berdinketen txanda etorri zen, 24-24 eta 26-26. 26nakoa izan zen baina azkenekoa, izan ere, handik aurrera hobeto aritu ziren txapeldunak eta amaierara arte aurretik izan ziren (30-26, 30-28, 34-28, 34-31), azkenean 35-31ko markagailuarekin garaipena eskuratu zutelarik.

Markagailuaren gorabeherak: 4-1; 4-1; 5-1; 5-2; y 6-2; 6-5; 8-5; 8-7; 10-7; 10-8; 11-8; 11-10; 12-10; 12-13; 13-13; 13-14; 14-14; 14-15; 16-15; 16-16; 16-17; 17-17; 17-18; 18-18; 18-19; 20-19; 20-21; 24-21; 24-24; 26-24; 26-26; 30-26; 30-28; 34-28; 34-31; 35-31.

Iruñerriko Erremonte Txapelketa

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolaturiko Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketaren lehen edizioa martxoaren 20an hasi eta apirilaren 9an amaitu da, Nafarroako pilotaleku ezberdinetan lehiatu direlarik jokatu beharreko bost jardunaldiak: finalaurdenetako hiru saioak, finalerdia eta finala.

Guztira sei bikote aritu dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a-Otano, Uterga-Barricart, Ezkurra II.a-Saldias, Martxin III.a-Garces, Aldabe-Azpiroz eta Otxandorena-Ion.

Finalaurdenetako ligaxka hiru asteburutan lehiatu da: aurrena martxoaren 20an Antsoainen arratsaldeko 18:00tan hasita, bigarrena martxoaren 27an ordu berean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, eta hirugarrena martxoaren 28an Huarteko Toki Alain eguerdiko 12:00tan.

Jarraian, apirilaren 3an finalerdiko saioa lehiatu zen Eguesibarren arratsaldeko 18:00tan non finalaurdenetako norgehiagoken irabazleak neurtu ziren, eta hil bereko 9an finalerdietako kanporaketa honetako bi bikote onenek jokatu dute final haundia Labrit pilotalekuan.

Norgehiagoka guztiak osasun neurri zorrotzak beteta burutu dira, aforo murriztuarekin, segurtasuneko distantzia gordeta eta musukoak jantzita.

Share This