EUSKAL PILOTA
Uterga-Barricart eta Ezkurra II.a-Saldias, Iruñerriko Erremonte txapelketaren finalera
Larunbatean Olazen jokatutako finalerdietako ligaxkan emandako emaitzen ondoren, Uterga-Barricart eta Ezkurra II.a-Saldias izango dira apirilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den Iruñerriko I. Erremonte Profesionaleko txapelketaren finalean, arratsaldeko 18:30ean hasita.
Finalerdietako ligaxkako hiru norgehiagokak estuak izan ziren. Uterga eta Barricartek lortu zuten sailkapeneko lehenengo postua, bere bi partidak doi-doi irabazita, 20-19 Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra eta emaitza berberarekin Aldabe eta Azpirozen kontra. Ezkurra II.ak eta Saldiasek berriz 20-16 irabazi zieten Aldabe eta Azpirozi, finalerako bigarren txartela eskuratuz.
Aurreneko partiduan, Ezkurra II.ak eta Saldiasek 20-16 irabazi zieten Aldabe eta Azpirozi. Launa izandako berdinketaren ostean zuloa irekitzea lortu zuten eta abantaila hori azkeneraino mantentzen asmatu zuten (0-1; 2-1; 2-3; 4-3; 4-4; 9-4; 9-5; 13-5; 13-6; 14-6; 14-7; 16-7; 16-9; 17-9; 17-13; 18-13; 18-15; 19-15; 19-16 eta 20-16).
Jarraian, Ezkurra II.ak eta Saldiasek tanto bakarraren aldearekin galdu zuten Uterga-Barricart bikotearen aurka (19-20), baina porrot goxoa izan zen, markagailu horrek finalerako sailkapena eman baitzien (0-1; 1-1; 1-7; 3-7; 3-8; 5-8; 5-10:7-10; 7-12; 9-12; 9-14; 10-14; 10-15; 12-15; 12-16; 15-16; 15-19; 19-19; 19-20).
Azken partiduan berriz, Uterga-Barricart bikotea berriro nagusitu zen Aldabe eta Azpirozen kontra, honakoan ere tantu bakarragatik (19-20), hartara finalerako bigarren txartela eskuratuz (1-0; 1-1; 4-1; 4-3; 5-3; 5-5; 7-5; 7-7; 9-7; 9-8; 11-8; 11-10; 12-10; 12-11; 13-11; 13-15; 16-15; 16-16; 17-16; 17-18; 19-18; 19-20).
Xanti Uterga izan zen finalerdietako erremontistarik onena, jokaldiak errematatzen asmatu zuen eta Barricartekin ederki moldatu zen. Finalean Josetxo Ezkurra eta txapelketako errebelazioa izan den Aimar Saldias oiztar gaztea izango dituzte aurrez aurre.
Iruñerriko Erremonte Txapelketa
Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolaturiko Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketaren lehen edizioa martxoaren 20an hasi eta apirilaren 9an amaituko da, Nafarroako pilotaleku ezberdinetan lehiatuko direlarik jokatu beharreko bost jardunaldiak: finalaurdenetako hiru saioak, finalerdia eta finala.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a-Otano, Uterga-Barricart, Ezkurra II.a-Saldias, Martxin III.a-Garces, Aldabe-Azpiroz eta Otxandorena-Ion.
Finalaurdenetako ligaxka hiru asteburutan lehiatuko da: aurrena martxoaren 20an Antsoainen arratsaldeko 18:00tan hasita, bigarrena martxoaren 27an ordu berean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, eta hirugarrena martxoaren 28an Huarteko Toki Alain eguerdiko 12:00tan.
Jarraian, apirilaren 3an finalerdiko saioa lehiatuko da Eguesibarren arratsaldeko 18:00tan non finalaurdenetako norgehiagoken irabazleak neurtuko diren, eta hil bereko 9an finalerdietako kanporaketa honetako bi bikote onenek jokatuko dute final haundia Labrit pilotalekuan, arratsaldeko 18:30tan.
Norgehiagoka guztiak osasun neurri zorrotzak beteta burutuko dira, aforo murriztuarekin, segurtasuneko distantzia gordeta eta musukoak jantzita.
Bergara Hiria pilota txapelketako finalak asteartean jokatu ziren
Nagusien mailan Ainhoa Ruiz de Infante eta Maite Ruiz de Larramendi izan ziren garaileak, eta Promesen kategorian Laia Salsamendi eta Ane Mendiburuk jantzi zuten txapela
Aldabek eta Ionek irabazi dute Nafarroako XV. Erremonte txapelketa
Zubirin jokatutako finalean 35-30 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Barricarti
Euskal pilota egokituko txapelketako finalak igandean jokatu ziren
Leire Esnal-Eneko Sagarmendi, adimen urritasunean, eta Aingeru Senperena-Mikel Merino, urritasun fisikoan, izan dira garaileak