EUSKAL PILOTA
Urrizak zazpigarrenez irabazi du buruz buruko txapela
Pasa den larunbatean, erremonteko banakako txapeldunaren zazpigarren txapela eraman zuen etxera Javier Urrizak, Kutxabank Torneoko finalean Endika Urrutiari 30 eta 27 irabazi ondoren.
Partida ikusgarria ikusi zen Galarretan, eta iruindarrak asko sufritu zuen Urrutia ausartari irabazteko, estu hartu baitzuen partida osoan zehar. Saldiasekoak arriskatu egin zuen, tantorik ikusgarrienak egin zituen eta finalaren zati handi bat aurretik ere izan zen, baina Urrizak sufritzen jakin zuen, defendatu zuen, izerdia gogotik isuri behar izan zuen une txarrak gainditu zituen eta amaiera ikusgarria ixten jakin zuen, nahiz eta akatsak ere izan. Final zirraragarria izan zen, denetik izan zuen eta zaleek eskertu egin zuten.
Txapelduna hotz hasi zen eta jokaldiko pare bat tantorekin, sake on batekin eta bi takorekin 0-5 aurretik jarri zen Endika markagailuan. Partida erritmo azkarrean hasi zen eta piloteorik gabe. Memento horretan, piloteozko tanto batzuk jokatu ziren eta bi pilotariak partidan sartu ziren (4-9). Partidari beste erritmo bat eman zitzaion, baina Endikak arriskatzen jarraitu zuen partidan aurrera egiteko. Urrizak ez zuen tanto bateko abantaila baino gehiago lortzen. 11, 12, 13, 14, 15, 16, 18, 19, 20 eta 21eko berdinketak izan ziren, hitz gutxitan, partida zinez borrokatua izan zen.
Orduan, hurrengo bost tantoak gerriko gorridunak egin zituen (26-21). Bazirudien partida hor hautsiko zela, baina Endika ez zegoen deus oparitzeko eta hogeita zazpina berdintzea lortu zuen. Final berri bat hasi zen, oraingoan hiru tantora. Eta esperientzia lagun, azken hiru tanto horiek Urrizaren alde erori ziren. Ez zen urduri jarri, eta Endikaren sake txarra ongi erantzun zuen, aurretik 28-27 jartzeko. Defentsa handiarekin kontu zuen 29-27koa, eta 30-27koa, Endikak labur utzitako sake-erantzun bat errematatu ondotik.
11 berdinketa izan dira neurketan zehar, baina, azkenerako, 30 eta 27 nagusitu zaio Endika Urrutiari. Endikak partida handia egin du, eta oso estu hartu du txapelduna, baina hustuta iritsi da azken txanpara
Markagailua partida osoan zehar: 0-5, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-9, 6-9, 6-11, 11-11, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 14-15, 15-15, 16-15, 16-16, 16-18, 19-18, 19-19, 20-19, 20-20, 21-20, 21-21, 26-21, 26-23, 27-23, 27-27 eta 30-27
Bederatzigarren finala zuen Urrizak, bederatzigarrena segidan. Endikak, ordea, lehena zuen. Partida handia egin du txapeldunordeak, bikain hasi eta gai izan da azken unerarte Urrizari beldurra barruraino sartzeko ere. Baina azkeneko ahalegin horrek hustuta utzi du, eta Urrizak ez du barkatu. Urrizak berriz, zazpigarren txapela du buruz burukoan, zazpigarrena azken bederatzi urteetan. Oso urruti du oraindik Koteto Ezkurraren marka —11 txapel ditu irabaziak banakakoan—, baina itzela da egiten ari dena.
Irailaren 26ko partiden emaitzak:
- Etxarri-Labaka 30 / Urrutia II.a-Zubiri 16
- Urriza 30 / Endika 27
- Juanenea-Barrenetxea IV.a 40 / Goikoetxea V.a-Ansa II.a-Larrañaga 34
Buruz Buruko Txapelketa
Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.
Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da irailaren 26an jokatuko den finalean. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Hasi da buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxka
Aritz Juaneneak 19-30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Torneoko final-laurdenetako ligaxkaren estreinaldian
Tambourindeguyk eta Lekerikak irabazi dute Donibane Lohizuneko hirugarren Masterra
Jon Tambourindeguyk eta Unai Lekerikabeaskoak Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan menderatu dituzte, 11-15 eta 7-15
Nafarroako erremonte txapelketako aurkezpena egin dute
Bost bikotek jokatuko dute ostiral honetan hasi eta urriaren 10ean amaituko den txapelketa