EUSKAL PILOTA
Urrizak sufritu egin zuen hautagaitza aurkeztu duen Ansari irabazteko
Urrizak 30-28 irabazi zion Ansa II.ari Banakako Txapelketako finalerdietako ligaxkaren lehen partidan. Irabazleak lehen lau puntuak lortu zituen beraz eta galtzaileak bi.
Garaipena lortu zuen arren, zazpi aldiz txapeldun izan denak lanak izan zituen Ansa gainditzeko. Partida ederra izan zen, eta bi pilotariek joko ikusgarria egin zuten. Partida amaitzean, Galarretan bildutako publikoak txalo egin zien eserlekuetatik altxata. Merezita jaso zuten txalo-zaparrada 75 minutuz eskaini zuten partida ikusi ondoren.
Tanto ederrak izan ziren, ez zen ia akatsik egon eta sakea ere ez zen erabakigarria izan. Horren ondorioz, piloteo ederrak eta defentsa ikusgarriak ikusi ziren Urrizaren aldetik. Ansak gehiago arriskatzen zuen eta estu hartu zuen txapelduna.
Urnietako aurrelaria 0-1 aurreratu zen, baina jarraian Urrizak 7-2koa jarri zuen markagailuan. Bazirudien ez zela emozio handirik egongo, Ansak akats argi batzuk egin baitzituen, baina berregin zen eta egoera irauli zuen, markagailuan 8-9 aurretik jarri zelarik.
Iruñeko aurrelariaren bigarren tiraldia ere ez zen erabakigarria izan nahiz eta oraingoan sakearekin min eginez 16-10 aurreratu zen. Oso zaila izaten da Urrizari abantaila murriztea baina Ansak bigarrenez lortu zuen. Pilotakada bikainekin eta piloteoan nagusituta, 18-16koarekin partidan sartu zen berriro eta ondoren 22na berdindu zuen.
Urriza nekatuago zegoela zirudien, baina bere txapeldun kasta atera zuen eta bere tantorik onenak jokatu zituen 26-23koan hiru tantoko aldea hartzeko. Ez zen berdinketa gehiagorik egon, baina emozioa bai. Ansak aldeak murriztu zituen 28-27koan eta 29-28koan, baina azken tantoa nafarraren alde erori zen, Ansak justu eraman eta txapan jo zuen pilota baten ostean.
Galdu arren, Ansak ederki borrokatu zuen eta piloteoan ere ez zen gutxiago izan. Urrizak, lanean eta eskarmentuan oinarrituta, lehen lau puntuak lortu ahal izan zituen.
Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu dute
40-25 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari pasa den larunbatean, Binakako Txapelketako seigarren jardunaldian
Banakako zesta-punta txapelketako lehen bi jardunaldiak lehiatu dira
Basquek, Goixerrik, Cosmek eta Ladutxek irabazi dute eta hurrengo fasera sailkatu dira
Unai Alberdik Euskal Herriko Lau eta Erdiko Elite Txapelketa irabazi du
ILUNPE klubeko pilotari gipuzkoarrak 22-13 irabazi zion OBERENA klubeko Canabali final ikusgarri batean