EUSKAL PILOTA

Urrizak eta Zaldua I.a nagusi Sagardoaren Txapelketako finalean

2021/06/09

Argazkiak: oriamendi2010

Urriza eta Zalduak Bereziartuari txapela eman diote

 

Urriza eta Zalduak Sagardoaren Txapelketako finala irabazi zuten azken partidan Ansa II.a eta Labaka 30-22 gainditu eta gero. Honela, Bereziartua sagardotegiak lortu du txapela eta Setien geratu da azpitxapeldun. Ansa eta Labakak txapelketako lehendabiziko partida galdu zuten eta partidarik garrantzitsuenean iritsi zen zorigaiztoko porrota. Hala ere, Urriza eta Zalduaren lana goraipatu behar da. Final handia jokatu zuten garaileek eta aurkariek ere bere momentua izan zuten.

Partida oso berdindua izan zen eta telebistaren aurrean bildu ziren ikusleek gozatu zuten. Nor baino nor aritu ziren Urriza eta Ansa aurrean eta Zalduak ere borroka polita izan zuen Labakarekin atzean. Hasieran 4-0 aurreratu ziren Urriza eta Zaldua, baina Ansa eta Labakak berehala erreakzionatu zuten eta 4-5 jarri ziren aurretik.15nako berdinketa iritsi arte aldaketa asko egon ziren markagailuan eta bikote bakoitzak bere momentuak izan zituen. 14 eta 15ekoan atsedena hartu zuten finalistek eta ondoren hobeto sartu ziren kantxan gorriak. Bost tantoko aldea hartu zuten (22-17) eta abantaila ondo kudeatuta azkenean alderik handienarekin itxi zuten finala 30-22.

Partida bizia izan zen, tanto politak ikusi ziren eta maila altua izan zuen. Urrizak erremontearen erregea zergatik den erakutsi zuen eta finaletan ezin arriskutsuagoa dela beste behin ikusi zen. Guztira 21 tanto egin zituen eta finala berak erabaki zuen, pauso bat gehiago emanez. 30 tantoetatik 21 egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bi akats bakarrik egin zituen. Finalean akats gutxi ikusi ziren eta Zalduak ere bikain jokatu zuen. Urrizaren laguntza handia izan zuen, ongi sakatu zuen eta jokaldiak ere egin zituen, defentsan ere lan ona eginez. Gainera azken tantoa sake batekin lortu zuen.

Ansa eta Labakak ez zuten gaizki jokatu, baina beste pauso bat gehiago ematea falta izan zitzaien momentu erabakiorrean. Ansak 13 tanto egin zituen eta aurrelarien arteko finala izan zela esan daiteke. Labakak ongi eutsi zuen eta bi tanto egin zituen sakez, baina ez zuen Zaldua menderatu.

Sagardoaren Txapelketa amaitu da eta zapore oso gozoa utzi du kirol ikuskizunak, Erremontari saioak ETB1en eskaini duen emanaldi dotore eta modernoarekin.

Share This