EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA

Urriza, seigarrenez Masterseko txapeldun

2021/02/01

Argazkiak: oriamendi.eus

Javier Urrizak 30-25 irabazi zion Barrenetxea IV.ari, larunbat gauean jokatutako UTS Master Txapelketako finalean. Pasa den urtean Endika Barrenetxeak irabazi zuen final hau lehenengo aldiz, Urrizari 30-29 irabazita. 2011an hasi zen txapelketa hau honezkero sei aldiz irabazi du Urrizak (2013, 2014, 2017, 2018, 2019 eta 2021), bitan irabazi dute Ezkurrak (2011, 2012) eta Utergak (2015, 2016) eta behin jantzi du txapela Barrenetxeak (2020).

Dagoeneko Zazpi buruz buruko, sei binakako eta sei Master baditu bere palmaresean Urrizak eta denak batuz gero 19 txapela ditu jadanik. Aurtengo denboraldia ezin hobeto itxi du torneo guztietan irabazi eta gero: 50. Urteurrenaren txapela, Kutxabank Txapelketa Nagusia, Binakakoa eta Masterra.

Urriza eta Barrenetxearen arteko finalak klasiko ari dira bihurtzen, nahiz eta aurtengo Banakako Txapelketan ez ziren finalean aurkitu. Bien arteko balantzea argia da Urrizaren alde. Zortzi aldiz irabazi du aurrelari iruindarrak eta atzelari hernaniarra bi aldiz gailendu zaio nafarrari.

Hala ere, finala zail jarri zitzaion hasieran. Barrenetxea 1-7 aurreratu zen eta txapelduna hotz sartu zen partiduan. Atzelari hernaniarra ezin hobeto ari zen sakatzen eta pilotakada sendoak jotzen zituen, aurreneko tanto horietan jaun eta jabe izan zelarik. Urrizak buelta eman zion egoerari sakea hartu eta bere pilota atera zuenean ordea, eta 1-7 galtzetik, 9-7 irabaztera pasa zen. Urriza ere bikain ibili zen sakatzen partida guztian zehar eta bai batak eta bai besteak min asko egiten zuten lehenengo pilotakadarekin.

Finala maila altukoa izan zen, emozioz beterikoa eta tanto ederrak ikusi ziren. Oso parekatua joan zen ia amaierara arte, baina azkenean aurrelaria freskoago iritsi zen eta atzelari hernaniarrak hutsegite gehiago egin zituen.

Markagailuan gorabeherak izan eta gero, momentu erabakiorrera hernaniarra aurretik iritsi zen 23-24. Orduan Urrizak 5-0 partziala egin eta finala ia erabakita utzi zuen 28-24 aurreratuz. Azkenean 30-25 irabazi zuen bere dohai nagusiak erakutsiz: kolpea, defentsa, segurtasuna eta sakea.

Guztira hamahiru tanto egin zituen piloteoan Urrizak eta sakearekin zortzi. Ez zuen akatsik egin final guztian zehar. Barrenetxeak piloteoan 19 tanto egin zituen, bost bi pareta, eta sakearekin sei tanto egin zituen, baina sakez bi falta ere egin zituen eta zazpi akats ere bai piloteoan.

Fusto-Urrutia, Txapeldunak

Fusto-Urrutia, Txapeldunak

Hirugarrenez jarraian jantzi dute txapela, finalean Necol-Gordon bikoteari 3-2 irabazita (7-10, 10-6, 6-10, 10-6 eta 6-10)

Share This