EUSKAL PILOTA
Urriza eta Zubiri nagusitu dira Galarretako 50. urteurreneko txapelketan
Urriza eta Zubirik aise irabazi dute 50. Urteurreneko Txapelketako finala, Juanenea eta Endika16-35 gaindituta
Etenaldiaren ostean pilotarekin loturik itzuli zen lehenengo jarduera izan zen erremontea, ekainaren 20an bueltatu baitziren frontoira Galarretaren 50. Urteurreneko Txapelketan aritu diren pilotariak.
Azkeneko aste hauetan burutu da aipatu txapelketa, eta pasa den larunbatean bukatu zen Oriamendi enpresak antolatzen duen lehiaketa, finalean Urriza-Zubiri bikotea nagusitu zelarik, alde handiarekin Juanenea eta Endikari irabazita.
Iruñeko eta Goizuetako bikoteak bere mailarik hoberenean jokatu zuen eta saldiastarrak ezinean aritu ziren, gainera Urrizak bere mailarik onena erakutsi zuen eta halakoetan oso zaila da aurkarientzat bera gainditzea.
Partidua orekatua hasi bazen ere, launako berdinketaren ostean 0-8ko partzial bati esker urdinek alde haundia hartu zuten eta lehenengo atsedenaldira 20-11 irabazten heldu ziren. Handik aurrera, gorriek ahalegina egin zuten eta lau tantora ere hurbildu ziren baina gerora urdinek abantaila haunditzen joan ziren (15-26) eta Juanenearen azken tantoa eta gero, azkeneko bederatzi tantoak eskuratuta 16-35 irabazi zuten.
Urrizak 18 tanto egin zituen, pilota bakarra huts egin gabe. Zubirik zortzi tanto egin zituen piloteoan eta lau sakez. Goizuetarrak bi pilota bakarrik huts egin zituen. Gorrietan Juaneneak bederatzi tanto egin zituen eta hutsegite bakarra. Endikak lau tantorekin amaitu zuen, hiru akatsekin piloteoan, sakearekin tanto bat eta falta bat egin zuen.
Harmailetan 400 ikusle zirela lehiatu zen finalaz gain, Aitor Zalduak debuta egin zuen Urrutia eta Arruarteren aurka eta hasiera ezin hobea eman zion bere pilotari ibilbideari garaipena lortuta.
Uztailak 18ko partiden emaitzak:
- Goikoetxea V-Barrenetxea IV 30 Ansa II-Larrañaga 21
- Juanenea-Endika 16 Urriza-Zubiri 35
- Urrutia II-Arruarte 26 Zaldua II-Zaldua 35
Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa
Bost astez luzatu den lehiaketa honetan, lau bikote aritu dira: Urriza-Zubiri; Ansa II.a-Larrañaga; Juanenea-Urrutia II.a; eta Goikoetxea-Barrenetxea IV.a. Aurreneko ligaxkan, bikote guztiek elkarren aurka jokatu dute 35 tantora lehiatutako partidetan, beti ere larunbat arratsaldetan, 16:00tik aurrera.
Ligaxkako lehen postuan geratu zirenak finalerako sailkatu dira zuzenean eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatutako bikoteek jokatu zuten finalaurrea uztailaren 11an, handik astebetera lehiatu den finalerako bigarren txartela eskuratzeko.
Antiguako pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Emakumezkoetan Olatz Arrizabalaga, promesa mailan Fernández-Apezetxea bikotea eta elite mailan Elola eta Sarasa izan dira txapeldunak
Juanenea eta Endika sailkatu dira finalerdirako
Juaneneak 29-30 irabazi zion Endikari eta horrenbestez biak izango dira finalaurrekoan. Barrenetxea aldiz, kanporatua izan da
II. San Migel Xare Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da
Bi partida jokatu ziren: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.