EUSKAL PILOTA
Urriza-Aizpuru III.a eta Loitegi-Zubiri garaile
Pasa den asteazkenean, uztailak 14, jokatu ziren San Fermin txapelketaren final handiak Galarreta Jai-Alai pilotalekuan, bertan maila handiko bi norgehiagoka ikusteko aukera egon zelarik: alde batetik URRIZA eta AIZPURU III-ak ANSA II.a eta LARRAÑAGAren aurka jokatu zuten A txapelketako finala eta bestetik URRUTIA II.a eta MARTIRENAK, LOITEGI eta ZUBIRIren aurka jokatu zuten B txapelketakoa.
San Fermin txapelketa urtero Huarteko Euskal Jai frontoian jokatu izan da, baina pandemiaren eraginez 2021ean Galarretan jokatu dute osorik. Azken ia 20 egunetan ligaxkako eta finalerdietako partiduak lehiatu eta gero, asteazkenean jokatu ziren bi finalak, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Pilota jaialdiko bigarren partidua izan zen A txapelketako finala, 300 zale ingururen aurrean jokatu zena, eta emozio handikoa izan zena amaierara arte, izan ere, txapela gorrientzat edo urdinentzat izango zen ikusteko azken tantora arte itxaron behar izan zuten han bildutakoek.
Oso partida ederra jokatu zuten lau erremontistek, erritmo azkarrean jokatu zen eta emozioa eta oreka izan zen lehia hasi eta buka. Markagailuan aurretik izan ziren bikote bata zein bestea, baina hiru tantoko baino alde handiagoa lortu ezinik.
Azkenean, Ansa II.a eta Larrañaga aurretik jarri ziren markagailuan (29-28) baina gorriek lortu zituzten partidako azken bi tantoak, bat bi paretaz eta bestea luze jotako pilotakada bati esker, hartara 29-30 irabazita San Fermin Torneoaren txapela jantzi zutelarik.
B txapelketako finalean berriz, Loitegi eta Zubiri nagusitu ziren (30-21) Urrutia II.a eta Martirenaren aurka. Zubiri jaun eta jabe izan zen partida osoan zehar, maila oso altuan ibili zen eta Loitegiren laguntzaz merezimendu osoz eskuratu zuten garaipena.
Galarretan, uztailaren 14an (asteazkena), 17:00etatik aurrera
- Juanenea-Murgiondo 30 – Segurola-Labaka 19
- Urriza-Aizpuru III.a 30 – Ansa II.a-Larrañaga 29 SAN FERMINETAKO FINALA
- Urrutia II.a-Martirena 21– Loitegi-Zubiri 30 SAN FERMINETAKO FINALA
Nafarroako Foru Erkidegoa Txapelketako eskuzko kanporaketak jokatu dira
Mendabian eta Lodosan jokatu zituzten asteburuan lehen kanporaketak
Loitegi eta Goikoetxea nagusi Oriamendi Eskolako txapelketan
Finalean 40-31 garaitu zituzten Irazu eta Murgiondo eta merezimendu osoz irabazi dute txapela
Iparraldeko zesta-puntako udako egutegia zehaztu dute
Donibane Lohizune eta Miarritzeko pilotalekuetaz aparte Pauekoetan ere jokatuko dira hainbat txapelketa