EUSKAL PILOTA
Urriza-Aizpuru III.a eta Loitegi-Zubiri garaile
Pasa den asteazkenean, uztailak 14, jokatu ziren San Fermin txapelketaren final handiak Galarreta Jai-Alai pilotalekuan, bertan maila handiko bi norgehiagoka ikusteko aukera egon zelarik: alde batetik URRIZA eta AIZPURU III-ak ANSA II.a eta LARRAÑAGAren aurka jokatu zuten A txapelketako finala eta bestetik URRUTIA II.a eta MARTIRENAK, LOITEGI eta ZUBIRIren aurka jokatu zuten B txapelketakoa.
San Fermin txapelketa urtero Huarteko Euskal Jai frontoian jokatu izan da, baina pandemiaren eraginez 2021ean Galarretan jokatu dute osorik. Azken ia 20 egunetan ligaxkako eta finalerdietako partiduak lehiatu eta gero, asteazkenean jokatu ziren bi finalak, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Pilota jaialdiko bigarren partidua izan zen A txapelketako finala, 300 zale ingururen aurrean jokatu zena, eta emozio handikoa izan zena amaierara arte, izan ere, txapela gorrientzat edo urdinentzat izango zen ikusteko azken tantora arte itxaron behar izan zuten han bildutakoek.
Oso partida ederra jokatu zuten lau erremontistek, erritmo azkarrean jokatu zen eta emozioa eta oreka izan zen lehia hasi eta buka. Markagailuan aurretik izan ziren bikote bata zein bestea, baina hiru tantoko baino alde handiagoa lortu ezinik.
Azkenean, Ansa II.a eta Larrañaga aurretik jarri ziren markagailuan (29-28) baina gorriek lortu zituzten partidako azken bi tantoak, bat bi paretaz eta bestea luze jotako pilotakada bati esker, hartara 29-30 irabazita San Fermin Torneoaren txapela jantzi zutelarik.
B txapelketako finalean berriz, Loitegi eta Zubiri nagusitu ziren (30-21) Urrutia II.a eta Martirenaren aurka. Zubiri jaun eta jabe izan zen partida osoan zehar, maila oso altuan ibili zen eta Loitegiren laguntzaz merezimendu osoz eskuratu zuten garaipena.
Galarretan, uztailaren 14an (asteazkena), 17:00etatik aurrera
- Juanenea-Murgiondo 30 – Segurola-Labaka 19
- Urriza-Aizpuru III.a 30 – Ansa II.a-Larrañaga 29 SAN FERMINETAKO FINALA
- Urrutia II.a-Martirena 21– Loitegi-Zubiri 30 SAN FERMINETAKO FINALA
Erkiaga eta Zabala finalera sailkatu dira
Aurreneko finalerdian, Beaskoetxea-Aldazabal bikoteari 2-1 irabazi ondoren
Goikoetxea-Odei eta Loitegi-Zaldua I.a bikoteek abantaila garrantzitsua lortu dute
Berria Erremonte Txapelketa 2022 larunbat honetan hasi zen Galarretan jokaturiko bi partidurekin
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalak jokatu dira Azkoitian
Promozio mailan Rodrigez-Mondragon eta lehen mailan Zelaia-Lopez izan dira txapeldunak