HERRI KIROLAK/AIZKORA

Binakako Aizkolari Txapelketa Deban

2020/01/02

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”lehiatuko da Deban igande honetan, urtarrilak 5, Aldats pilotalekuan

 

Banakako Txapelketa amaitu bezain laster, Binakakoak txanda hartuko dio igande honetan bertan, Deban, eguerdiko 12:30tatik aurrera. Honakoan, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo osatutako bikoteak, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi “Txikia IV” izango ditu aurrez aurre, 22 enbor – 5 izakerako jardunean.

Urtezahar egunean, 17:00etan hasi zen Urrezko Aizkolarien txapelketaren finala Usarrabi pilotalekuan, eta hiru aizkolari izan ziren bertan nor baino nor: Mikel Larrañaga, Julen Alberdi eta Eneko Otaño. Azkenean, Mikel Larrañaga izan zen azkarrena 16 kanaerdiko ebakitzen 34 minutu eta 30 segunduko denborarekin, iaz baino hiru minutu gutxiago. Bigarren, Julen Alberdi izan da 37 minutu eta 54 segunduko denborarekin, eta hirugarrena, Eneko Otaño 38 minutu eta segundu bateko denborarekin.

Oraingoan berriz, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio berri baten txanda da. Orotara, lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.

Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean. 

Lehenengo jardunaldia esan bezala, Deban izango da igande hontan, saio honetan Mugertza II.a-Txikia IV.a, Rekondo-Larrañagaren aurka arituko direlarik. Alde batetik, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra arituko dira elkarlanean. Pasa den abenduaren 15ean Urrestillan, orain batera jardungo diren bi aizkolari hauek aurkari izan ziren Urrezko Kopako banakako txapelketako sailkapenean, eta orduan Mikel Larrañagak eskuratu zuen Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela. Bestetik, Julen Alberdi azkoitiarra eta Ugaitz Mugertza. Abenduaren 7an Mendaron, Eneko Otaño beizamarra mendean hartuta Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra izan zen finalerako sailkatu zena. Hurrengo igandean Ugaitz Mugertzarekin osatuko du bikotea, Azaroak 24ean Usurbilen Eneko Otañoren aurrean Banakako Txapelketaren finalerako sailkapena galdu zuen aizkolaria.

Urtarrilaren 12an, Beizaman, Vicente-Mujika eta Saralegi- Otaño izango dira lehiatuko direnak. Urtarrilaren 19an, goizez Aian Saralegi eta Otaño, Mugertza II.aren eta Txikia IV.aren aurka jokatuko dute; eta arratsaldez Iraetan Mujika eta Vicente, Rekondoren eta Larrañagaren aurka arituko dira. Otsailaren 3an, Abadiñon izango da lehia, eta han Mujika-Vicente, Mugertza II.a- Txikia IV.aren aurka jokatuko dute eta otsailaren 5ean Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko dira, honela lehen faseari amaiera emanez. Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren 9an.

Aizkolariez aparte, Urrezko Aizkolari Emakume Banakako Txapelketa ere lehiatuko da Deban non Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo arituko diren nor baino nor, 6 enbor-2 izakerako lanean.

Bestalde, Urrezko Harrijasotze Txapelketan Aimar Galarraga izango dugu lanari ekiteko prest. Erabiliko diren harriak hurrengoak:175 kiloko laukizuzena, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

Share This