HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Aizkolarien jardunaldia lehiatu zen igandean Lekunberrin
Pasa den igandean, maiatzak 23, jokatu zen 2021 Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren jardunaldi berri bat Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan, eguerdiko 12:00etan hasita, bertan Oier Kañamares IV.a, Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa hurrengo faserako sailkatu zirelarik.
Lekunberriko kanporaketan, honako aizkolariak aritu ziren lehian: Oier Kañamares IV.a, Juan Rodriguez I.a, Julen Olano, Juan Josez Lopez Azpilikueta, Julen Aranberri “Elorriaga”, Goizeder Belza, Jon Rodriguez II.a, Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa.
Aizkolari bakoitzak bina enbor moztu behar izan zituen, hiru txandatan aritu zirelarik, hiruna aizkolari. Aurreneko fase honetan, lehen txandan Juan Rodriguez (4´59´´), Julen Aranberri “Elorriaga” (4´37´´) eta Oier Kañamares IV.a (4´39´´) aritu ziren. Bigarren txandan, Ibai Soroa (3´56´´), Hodei Ezpeleta (3´10´´) eta Julen Olano (4´10´´) aritu ziren. Eta hirugarren txandan berriz, Juan Josez Lopez Azpilikueta (4´00´´), Goizeder Belza (3´31´´) eta Jon Rodriguez (5´50´´).
Denbora hoberena lortu zuten sei aizkolariek bigarren fase bat jokatu zuten. Hiru txanda izan ziren hor ere, eta bina aizkolari aritu ziren txanda bakoitzean. Julen Aranberri “Elorriaga” (6´12´´) Ibai Soroaren aurka (4´25´´), Hodei Ezpeleta (4´37´´) Juan Josez Lopez Azpilikuetaren aurka (5´39´´), eta Goizeder Belza (5´15´´) Oier Kañamares IV.aren aurka (4´31´´).
Azkenean beraz, hurrengo faserako txartela lortu zuten aizkolariak, Oier Kañamares IV.a, Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa izan ziren.
Halaber, Urdax Magunazelaia eta Aimar Galarragak hiru hamarreko harri jasotzaile txapelketako saioa izan zuten. Magunazelaiak guztira 56 altxaldi gauzatu zituen: 125 kiloko zilindroarekin 26 jasoaldi egin zituen, 15 jasoaldi 125 kiloko kubikoarekin eta 15 bolarekin. Galarragak aldiz, 47 jasoaldi egin zituen, 22 zilindroari, 12 kubikoari eta 13 bolari.
Emakumezkoen harri jasotzaile txapelketan berriz, Naiara Zumeta aritu zen. 50 kiloko zilindroarekin 12 jasoaldi egin zituen, 52 kiloko kubikoarekin 6 jasoaldi, eta 50 kiloko bola 9 aldiz altxa zuen.
Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran garaile, Euskal Herriko trontza misto txapelketan
Bigarren Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena sailkatu ziren eta Sela Goñi eta Jesus Goñik osatu zuten podioa
Jokin Eizmendik irabazi du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa
Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren
Mikel Larrañagak irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa
Azpeitiarraren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra