HERRI KIROLAK/AIZKORA
Urrezko Aizkolarien ekitaldia Abadiñon
Herri kirol jaialdia izan zen astelehenean Abadiñoko probalekuan, 12:00tan hasita
Urrezko Aizkolarien Txapelketaren baitan, gizonezkoen binakakoa eta emakumezkoen banakakoa jokatzen ari dira urte hasieratik eta oraingoan beste jardunaldi bat lehiatu da Abadiñon.
Aizkorari dagokionez, gizonezkoen Urrezko binakako txapelketaren bosgarren jardunaldia lehiatu zen astelehen eguerdian eta Ugaitz Mugertza IIa eta Julen Alberdi Txikia IVa osatutako bikoteak, Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika izan zituen aurrez aurre, 22 enbor – 5 izakerako jardunean.
Azkenean, Ugaitz Mugertzak eta Julen Alberdik irabazi zuten bosgarren jardunaldi hau guztira 21 minutu eta 05 segundu behar izan dituztelarik lana amaitzeko: 45 ontzako enborra erlojuaren aurka mozten 1.22ko denbora behar izan zuten. Kanaerdikoa zutik mozten, 1.40koa. 65 ontzakoa abiadurazko frogan mozten, 1.59koa. Laugarren froga 45 eta 54 ontzakoak etzanda jarrita moztea izan zen (2´35´´). Iraupenezko azken proban lau enbor 60 ontzako eta bi enbor 65 ontzako moztu zituzten (14´29´´).
Bere aurkariek, Vicente eta Mujikak, lan berdinean orotara 22 minutu eta 13 segunduko denbora erabili zuten: erloju kontra (43´´), zutik (1´45´´), abiaduran (2´17´´), zutik/etzanda (2´40´´) eta iraupenezkoan (15´08´´).
Atzoko emaitzak ikusita esan daiteke Abadiñon aritu ziren bi bikoteek finalerako txartela irabazita dutela. Hirugarrengoa heldu den igandean Beasainen erabakiko da.
Emakumezkoen Aizkora Txapelketa
Urrezko Aizkolari Emakume Banakako Txapelketaren laugarren jardunaldia ere lehiatu zen Abadiñon non Nerea Sorondo eta Maika Ariztegi aritu diren nor baino nor. Nerea Sorondok eskuratu du garaipena 5 minutu eta 57 segunduko denborarekin (erloju kontra 1´29´´ eta azken proban 4´28´´), Maika Ariztegik 7 minutu eta 01 segundu behar izan zituelarik lanak amaitzeko (erloju contra 1´51´´eta azken proban 5´10´´).
Emakumezkoetan lau aizkolari ari dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra. Guztira lau jardunaldi jokatu dituzte, eta orainarte hiru jardunaldi jokatu ditu Nerea Sorondo beratarrak eta hirutan nagusitu da.
Harrijasotze Txapelketa
Bestalde, 2020 Urrezko Harrijasotze Txapelketako laugarren jardunaldian Julen Diaz eta Urdax Magunazelaia aritu ziren lanean. Urdax Magunazelaiak lortu du garaipena 3.800 kilo jasota (laukizuzenari 7 jasoaldi, kubikoari 8 eta bolari 11), haren aurkariak, Julen Diazek, 2.525 kilo (laukizuzenari 6, kubikoari 4 eta bolari 7) altxatu zituelarik.
Igandean Beasainen, 12.00etan jokatuko da azken jardunaldi erabakigarria.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa:
Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio honetan lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.
Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean.
Hurrengo jardunaldiak:
Hurrengo jardunaldia otsailaren 9an izango da Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko direlarik, honela lehen faseari amaiera emanez. Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren 9an.
Iparlur Masters Txapelketa sei erremontistekin hasiko da larunbatean
Zubiri, Goikoetxea V.a, Juanenea, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a dira sei pilotariak
Lehen faseko bi bikote onenak izango dira Paxaka txapelketako finalean
Finala eta hirugarren posturako lehia datorren larunbat arratsaldean jokatuko dira Iruritako Aranabian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Irazustabarrenak eta Etxanizek Galdos-Erasunen aurka arituko dira eta Huizi eta Martinek, Agirresarobe eta Arrietaren kontra