HERRI KIROLAK/AIZKORA
Urrezko Aizkolari Kopako hirugarren kanporaketa jokatu zen igandean
Igande honetan, azaroak 15, jokatu zen Albainan (Trebiñu) Urrezko Aizkolari Kopako hirugarren kanporaketa, eguerdiko 12tan
Lau aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago lehian: Ugaoko Aritz Irazabal, Zigako Joxean Etxeberria, Arostegiko Oier Kañamares IV.a eta Arribeko Txomin Amundarain, hurrengo kanporaketara sailkatzeko txartel bakarra izan zutelarik jokoan.
Aizkolarien lehiaren aurreneko fasean honako emaitzak eman ziren, bi kanaerdikoak mozten:
1. aizkolaria Joxean Etxeberria: 8 minutu eta 23 segundo
2. aizkolaria Txomin Amundarain: 7 minutu eta 5
3. aizkolaria Oier Kañamares IV.a: 6 minutu eta 10 segundo
4. aizkolaria Aritz Irazabal: 7 minutu eta 34 segundo
Bigarren fasean, aurrekoan izandako emaitzen araberako neurketak jokatzen ziren: irabazlea 1-2 vs galtzailea 3-4 eta irabazlea 3-4 vs galtzailea 1-2. Lehenengo eta bigarren aizkolarien arteko lehian Txomin Amundarain nagusitu zenez eta 3. eta 4. aizkolarien artekoan Aritz Irazabalek galdu zuenez, haien artean jokatu zuten finalerako lehen txartela. Txomin Amundarainek irabazi zuen lehia bere lanak 9 minututan amaituta (2´49´´, 6´10´´,10´02´´), bere aurkariak 9 minutu eta 23 segundoko denbora egin zuelarik.
Finalerako bigarren txartela, Oier Kañamares IV.ak (3. eta 4. aizkolarien norgehiagoka irabazita) eta Joxean Etxeberriak (1. eta 2. aizkolarien arteko lehiako galtzailea) izan zuten jokoan. Kañamaresek lortu zuen azken fasera pasatzea, 6 minutu eta 10 segundoko denbora eginda, Etxeberriak 6 minutu eta 30 segundo baliatu zituelarik lanak amaitzeko.
Fase finalerako beraz, Oier Kañamares IV.a eta Txomin Amundarain sailkatu ziren, eta azkenean Kañamares IV.ak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela kanaerdikoak 8 minutu eta 12 segundutan moztuta, Amundarainek 9 minutu eta 31 segundo behar izan zituelarik.
Urrezko Aizkolari Kopa
Aurreneko kanporaketa, Arabako Burgelu herrian jokatu zen duela bi aste, bertan Xabier Zaldua, Luis Polanco, Hodei Ezpeleta eta Julen Aranberri aritu zirelarik. Kanporaketa honen azken saiora Luis Polanco eta Xabier Zaldua sailkatu ziren, eta azkenean Zalduak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela kanaerdikoak 9 minutu eta segundu batean moztuta (2´38´´, 5´56´´, 9´01´´), Polancok 9 minutu eta 45 segundo behar izan zituelarik (3´08´´, 6´39´´, 9´45´´).
Maeztun (Araba) jokatu zen Urrezko Aizkolari Kopako bigarren kanporaketa, non lau aizkolari aritu ziren nor baino gehiago (Julen Olano, batera Suharri Rodriguez, Iban Resano eta Luis Txapartegi). Saio erabakigarrian, Txapartegi eta Olano izan ziren aurrez aurre, lau kanaerdikotara, azkenean Julen Olanok lortu zuelarik garaipena eta hurrengo kanporaketarako txartela. 9 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Olanok lau kanaerdikoak mozteko eta Txapartegik 11 minutu eta 16 segundo.
Abian da goma gaineko Sokatira mundiala
Nazioen arteko txapelketan Euskal Selekzioa hamar pisutan lehiatuko da eta Kluben arteko txapelketara 39 euskal talde aurkeztu dira
Ezkabarten jokatu da Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak bukatu dira asteburu honetan eta orain Irlandako Mundiala da erronka nagusia
Sokatira jardunaldia Berriozarren
560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten