EUSKAL PILOTA
Unai Alberdik Euskal Herriko Lau eta Erdiko Elite Txapelketa irabazi du
Argazkiak: Euskal Pilota Federazioa
Pasa den ostiralean, abenduak 3, arratsaldeko 19:00etan hasita jokatu zen E.H-ko Elite 4 ½ txapelketako finala Aretako pilotalekuan (Laudio), edizio honetako pilotari gazteena den Unai Albedi gipuzkoarra (ILUNPE) eta Oier Canabal (OBERENA) nafarraren artean.
Bi pilotariak txapelketa bikaina eginda iritsi ziren finalera, beraien norgehiagokak nagusitasunez irabazita. Alberdik 22-16 irabazi zion finalerdia aurreko edizioko txapelduna zen Espinali eta Canabalek 22-17 beti oso arriskutsua den Ongayri.
Beraz, finala irekia aurreikusten zen, izan ere, pilotariak oso joko puntu onean iristen ziren lehiara, nahiz eta eskarmentu handiagoa duen Oier Canabal faboritotzat jotzen zen.
Hala ere, Unai Alberdi azpeitiarrak sorpresa eman eta jendez bete zen Aretako pilotalekuan E.H-ko 4 ½-ko eliteko txapela janztea lortu zuen, Canabal igantziarrari 22-13 irabazita. Partida gogorra, bizia eta kalitate handikoa jokatu zuten bi pilotariek eta nahiko parekatua joan zen lehiaren erdialdera arte.
Partidaren hasieran sei tanto egin zituen Alberdik, baina Canabalek garaipena ez zion erraz jarri azpeitiarrari, eta aldea murrizten joan zen, 16-12ra heldu arte. Hala eta guztiz ere, Alberdi suspertu zen momento horretan eta ohikoa duen joko erasokorrari esker 22-13 irabazi zion azkenean Canabal ikaragarri gogor bati.
Garaipen honekin, Unai Alberdik erakutsi du maila honetako txapelketak eta partiduak jokatzeko guztiz prest dagoela eta Oier Canabalek berriz azkeneko denboraldietako aurrelari finetarikoa izan denak, maila onean jarraitzen duela berretsi zuen.
Finala jokatu aurretik Herriaren Pilota Elkarteak antolatzen duen Aretako txapelketako nagusi mailako bikotekako partida bat jokatu zen, bertan Elola-Elizegi vs Alberdi-Urruzola lehiatu zirelarik.
2021eko E.H-ko 4 1/2-ko ELITE TXAPELKETA
FINALERDIAK
ESPINAL (Uharte) 16 ALBERDI (Ilunpe) 22
ONGAY (Irurtzun) 17 CANABAL (Oberena) 22
FINALA
ALBERDI II (Ilunpe) 22 CANABAL (Oberena) 13
Antiguako pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Emakumezkoetan Olatz Arrizabalaga, promesa mailan Fernández-Apezetxea bikotea eta elite mailan Elola eta Sarasa izan dira txapeldunak
Juanenea eta Endika sailkatu dira finalerdirako
Juaneneak 29-30 irabazi zion Endikari eta horrenbestez biak izango dira finalaurrekoan. Barrenetxea aldiz, kanporatua izan da
II. San Migel Xare Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da
Bi partida jokatu ziren: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.