EUSKAL PILOTA
Udako Torneoaren bigarren jardunaldia, “Plazandreak” saioan
“Plazandreak” saioaren bigarren atala izan genuen ikusgai ostegun gauean ETB1en eta eitb.eus-en. Bertan, Laboral Kutxa Udako Torneoko bigarren jardunaldia lehiatu zen, Irungo Uranzu pilotalekuan, Iera Agirre-Arrate Bergara-Amaia Aldai eta Ainhoa Ruiz de Infante-Maite Ruiz de Larramendi-Leire Garairen taldeek neurtu zituztelarik indarrak.
Joan den astean jarri zen abian torneoa, emakumeen pilotari bultzada emateko asmoz jaio den ETBko saio berritzailearekin batera. Lehenengo jardunaldi horretan, Andrea Aldaregiak, Olatz Ruiz de Larramendik eta Naroa Agirrek osatzen duten taldea lehiatu zen Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagaren taldearen kontra.
Olatz Arrizabalagaren kaiolako bi puntuei esker, Reyes Azkoitiaren taldea izan zen txapelketako lehen jardunaldiko garailea. Gernikarrak, Olatz Ruiz de Larramendiri nagusitasun osoz irabazi zizkion bi partidak, 12-3 lehenengoan eta 12-4 jaialdia itxi zuenean. Binakakoan oso bestelakoak izan ziren gauzak eta Aldaregia-Agirrek euren taldearentzat lehen puntua eskuratu zuten, Etxebeste-Mendizabali 12-5 gailenduta.
Txapelketako bigarren jardunaldian aldiz, oraindik jokatzeke geratzen ziren bi taldeak aritu ziren elkarren aurka, batetik Naroa Elizaldek zuzentzen duen Ainhoa Ruiz de Infantek, Maite Ruiz de Larramendik eta Leire Garaik osatutakoa eta bestetik, Mikel Inuntziagaren agindupean aritzen den Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen taldea.
Aurreko jardunaldian bezalaxe, buruz burukoak erabakigarriak izan dira bigarren jardunaldi honetan ere, orainarte jokatutakoaren arabera ondorioztatu daitekeenez, argi dago buruz buruko partidek berebiziko garrantzia izango dutela txapelketaren garapenean, estrategiak asko aldatu ezean.
Aurreko astean Olatz Arrizabalagaren puntuek eman bazioten lehen garaipena bere taldeari, gaur Amaia Aldai izan da, kaiolaren barruan Leire Garairi bi partidetan gailendu ostean, Mikel Inuntziagaren taldeari garaipena eman diona.
Bi partidetan gainera, aukerarik txikiena ere ez dio eman bizkaitarrak Leire Garai arabarrari, 12-3ekoa izan baita emaitza bi lehiatan. Naroa Elizalderen neskek binakakoan lortu dute markagailua txukuntzea, Ainhoa Infante eta Maite Ruiz de Larramendik 7-12 irabazi baitiete Iera Agirre eta Arrate Bergarari.
Plazandreak Udako Torneoaren bigarren jardunaldiko emaitzak:
Amaia Aldai 12/Leire Garai 3
Iera Agirre-Arrate Bergara 7/Ainhoa Ruiz de Infante-Maite Ruiz de Larramendi12
Amaia Aldai 12/Leire Garai 3
PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO TORNEOA
Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai izango ditu bere agindupean, eta azkenik, Mikel Inuntziaga, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.
Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.
Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da.
Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.
Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.
Oriamendi Torneoko lehen partidua jokatu da
Segurola eta Zaldua I.ak 40-23 irabazi zioten Zaldua II-Larrañaga bikoteari
Ibargurenek irabazi du Pala Txapelketako aurreneko kanporaketa
Del Riori erraz irabazi zion 3-0 (10-5, 10-7 y 10-6).
Erabaki dira XXI. Paxaka txapelketako finalistak
Urtasun, Prim eta Maiak, Irigoien Mindegia eta Itoitzen kontra jokatuko dute txapelketako partida nagusia