MENDIA
Txikonen espedizioak bertan behera utzi du Everesteko saiakera
Pasa den apirilaren 23an, Katmandurako bidea hartu zuen Alex Txikonek oraingoan Everest (8.849 metro) oxigenorik gabe igotzen saiatzeko eta maiatzaren hasieran heldu ziren espediziokideak behe-kanpamendura, jarraian, ohiko bidetik, Nepaleko aldetik, gailurra zapaltzen saiatzeko asmoz.
Everestekoa orain arte Txikonek burutu dituen espedizioak baino askoz txikiagoa zen, bai mugitu duen taldeari dagokionez (Txikon bera, Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria), bai hartu behar zuen denborari dagokionez (itzultzeko data maiatzaren 25a izan behar zuen), baita babesletza aldetik ere.
Azken hamarkadan bere lanaren ardatz izan den neguko denboralditik kanpoko erronka hau proiektu apalagoa zela ematen zuen arren, Txikonentzat apustu pertsonalagoa zen, erronka berriei aurre egiteko unea iritsi zela uste baitzuen mendizale bizkaitarrak.
Baina azkenean tamalez bertan behera utzi behar izan dute egitasmoa, inguru haietan koronabirusa azkenaldian izaten ari den hedapenarengatik. Azken bi gauetan bigarren kanpalekura egokitu dira, eta mendi inguru horretako osasun egoera aztertu ondoren hartu dute erabakia Txikonek berak eta haren espedizioko kideek.
Koronabirusaren Indiako aldaera Nepalen, oinarrizko kanpalekutik egin dituzten lehenengo ebakuazioak, hurbil dagoen Dhaulaguri herriaren egoera eta bertako agentzien esfortzua –batez ere, Seven SummitTreks-ena– egoerak eskatzen duen bezala jarduteko izan dira espedizioa bertan behera uztera bultzatu dituzten arrazoi nagusiak.
Erantzukizunez hartutako erabakia izan da, osasunari eman baitiote lehentasuna eta orain datozen egunetan hartuko dute Katmandurako bidea.
Oinarrizko kanpalekuan lagundu dieten pertsona guztiak eskertu nahi izan dituzte Txikon, Elejalde eta Makazagak eta era berean, Kilian Jorner eta David Goettler mendizaleei zorte ona opa diete ere beraien abenturetan.
Oihana Azkorbebeitia hirugarren, Munduko Kopako bederatzigarren proban
Oihana Azkorbebeitia hirugarren sailkatu da Royal Sky Marathon Gran Paraiso lasterketan. Seigarren dago orain Skyrunner Munduko Kopako Sailkapen Orokorrean
Iñarra eta Zorroza lehen postuetan Munduko Kopako zortzigarren proban
Mendi Lasterketako Euskal Selekzioko Ander Iñarra eta Mariza Zorroza nabarmendu dira BUFF® Epic Trail 42 km Munduko Kopako proban
Euskal Selekzioko Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz bosgarren postuan Olympo mendian
Gaurko puntuekin, biak izango dira, urrian, Limone Sul Gardan (Italia) jokatuko den finalean