MENDIA
Txikonen espedizioak bertan behera utzi du Everesteko saiakera
Pasa den apirilaren 23an, Katmandurako bidea hartu zuen Alex Txikonek oraingoan Everest (8.849 metro) oxigenorik gabe igotzen saiatzeko eta maiatzaren hasieran heldu ziren espediziokideak behe-kanpamendura, jarraian, ohiko bidetik, Nepaleko aldetik, gailurra zapaltzen saiatzeko asmoz.
Everestekoa orain arte Txikonek burutu dituen espedizioak baino askoz txikiagoa zen, bai mugitu duen taldeari dagokionez (Txikon bera, Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria), bai hartu behar zuen denborari dagokionez (itzultzeko data maiatzaren 25a izan behar zuen), baita babesletza aldetik ere.
Azken hamarkadan bere lanaren ardatz izan den neguko denboralditik kanpoko erronka hau proiektu apalagoa zela ematen zuen arren, Txikonentzat apustu pertsonalagoa zen, erronka berriei aurre egiteko unea iritsi zela uste baitzuen mendizale bizkaitarrak.
Baina azkenean tamalez bertan behera utzi behar izan dute egitasmoa, inguru haietan koronabirusa azkenaldian izaten ari den hedapenarengatik. Azken bi gauetan bigarren kanpalekura egokitu dira, eta mendi inguru horretako osasun egoera aztertu ondoren hartu dute erabakia Txikonek berak eta haren espedizioko kideek.
Koronabirusaren Indiako aldaera Nepalen, oinarrizko kanpalekutik egin dituzten lehenengo ebakuazioak, hurbil dagoen Dhaulaguri herriaren egoera eta bertako agentzien esfortzua –batez ere, Seven SummitTreks-ena– egoerak eskatzen duen bezala jarduteko izan dira espedizioa bertan behera uztera bultzatu dituzten arrazoi nagusiak.
Erantzukizunez hartutako erabakia izan da, osasunari eman baitiote lehentasuna eta orain datozen egunetan hartuko dute Katmandurako bidea.
Oinarrizko kanpalekuan lagundu dieten pertsona guztiak eskertu nahi izan dituzte Txikon, Elejalde eta Makazagak eta era berean, Kilian Jorner eta David Goettler mendizaleei zorte ona opa diete ere beraien abenturetan.
Skyrace des Matheysins mendi lasterketan aritu da Euskal Selekzioa
Mayi Mujika seigarren postuan helmugaratu zen emakumezkoen lehian eta Aitor Ajuria hamabigarren gizonezkoetan
Eneko Gurrutxaga eta Enara Oronoz garaile Amasako duatloian
Txandakako lasterketan Eneko eta Koldo Herrera Urroz nagusitu ziren
Aurtengo Mendi Lasterketen Nafarroako zirkuitua amaitu da
Senior mailan Ines Patricio eta Ibon Erdozain izan dira irabazleak eta beteranoetan Joseba Lasarte eta Ana Reina