MENDI LASTERKETAK

Skyrace des Matheysins mendi lasterketan aritu da Euskal Selekzioa

2021/10/26

Mendiko lasterketen denboraldia azken txanpan sartu da eta pasa den larunbatean, urriak 23,  Sky World Serieseko Munduko Kopako azken-aurreko proba jokatu zen Frantziako Alpeetan, Saint Honoré herrian: Skyrace des Matheysins mendi lasterketa, hain zuzen ere.

Ohiko lasterketa da Munduko Kopan eta antolatzaileek azken urteotako ibilbide berdina prestatu zuten aurten ere, 25 kilometrokoa eta 2.000 metroko desnibel positibokoa. Korrikalariek 09:00etan ekin zioten probari, berebiziko hotza tarteko (gradu bi zero azpitik) baina hasiera korrika asko egitekoa zenez bizi-bizi irten ziren korrikalariak eta laster asko berotu ziren.

Azkenean, Frederik Tranchand frantziarrak irabazi zuen proba gizonezkoetan eta Johanna Armstrong suediarrak nesketan, biek ala biek nagusitasun osoz.

Munduko Kopako bosgarren proba honetan euskal selekzioak partehartze esanguratsua izan duela azpimarratzekoa da, honako hauek osatu dutelarik euskal taldea: Ander Iñarra, Mayi Mujika, Aitor Ajuria, Borja Zubizarreta (lehen aldia selekzioarekin) eta Hodei Lujanbio (lehen aldia selekzioarekin).

Mayi Mujika seigarren postuan helmugaratu zen emakumezkoen lehian eta SKYRACE Des MATHEYSINS lasterketa amaituta, Top 10ean sartzea lortu zuen. Mutiletan berriz, posturik onena Aitor Ajuriarentzat izan zen, hamabigarren postuan sailkatu zelarik.

Honakoak izan ziren Euskal Selekzioko kideen emaitzak:

Mayi Mujika 6. postua

Aitor Ajuria 12. postua

Ander Iñarra 18. postua

Borja Zubizarreta 28. postua

Hodei Lujanbio 57. postua

Gainontzeko euskal korrikalariei dagokionez, Oihana Azkorbebeitia zazpigarren postuan sailkatu zen nesketan eta horrez gainera, korrikalari abadiñarra lehenengoa izan zen emakume beteranoen artean. Halaber, Munduko Kopako sailkapen nagusian bigarren jarraitzen du, 290 punturekin baina hala ere larunbateko lasterketarekin amaiera eman zion aurtengo txapelketari.

Munduko Kopak Italian izango du azken hitzordua datorren larunbatean, urriak 30, Limone Skyrace Extreme lasterketa lehiatuko baita data hortan eta bertan izango dira berriro ere euskal selekzioko neska-mutilak.

Share This