ARRAUNA
TKEk bere bide-orria gauzatzen jarraituko du
Gizonezkoen Eusko Label Ligako eta emakumezkoen Euskotren Ligako arraunlariak, test serologikoak pasatzen hasiko dira
Denboraldia egin ahal izateko TKEk landutako protokoloak aurrera segitzen du eta TKE-ko ordezkariek egindako azken bileraren ondoren, aste honetatik aurrera, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako arraunlarien serologia aztertzeko beharrezkoak diren probei hasiera emango zaiela jakinarazi dute.
Prozesu hau klubetako medikuen gidaritzapean egingo da, elkarteko zerbitzu medikoen arduradun Juan Jose Badiolak zuzendutako prozesu batean.
Test serologikoak izango dira, odol lagin txiki baten bidez gauzatzen direnak eta kirolariak birusaren aurkako antigorputzak sortu dituen detektatzen dutenak, hori birusarekin kontaktuan egon den seinale izango litzatekeelako.
Apirilaren 4an, TKEk estropaden egutegi malgua onartu zuen, beti ere pandemiaren bilakaeraren arabera moldatu daitekeena. Eusko Label Ligaren hasiera ekainaren 28rako dago aurreikusita, baina ez dute oraindik jakinarazi CaixaBank Bandera non egingo den. Euskotren Ligako lehen estropada ordea, uztailaren 4rako dago aurreikusita, eta A Coruñan egingo da.
Traineruen Kluben Elkarteak maiatzaren 30ean egingo du hurrengo batzarra, non elkarteko hamabi kideen ordezkariak bilduko diren, denboraldia hasi aurreko azken erabakiak hartzeko. Printzipioz, bilera honetan ez da mahai gainean egongo Zarauzko Arraun Elkarteak planteatu duen proposamena, uda honetan igoerak zein jeitsierarik gabe lehiatzeko asmoa, alegia.
Bestalde, KAE eta ETE ligetako klubek idatziz bidali beharko dituzte sasoiari buruzko beren proposamenak. Bederatzi estropada egitea aurreikusten zuten, hiru eremu desberdinetan, baina aukeren artean dago estropada kopurua hamabira igotzea, eta eremuak, laura.
Eusko Label eta Eusko Tren ligek aurkeztu dute aurtengo egutegia
Eusko Label liga ekainaren 28an hasiko da, oraindik zehaztu gabeko leku batean, eta Euskotren liga uztailaren 4an, Coruñan (Galizia)
Maialen Chourraut, ‘Beldurretan Arraunean’
Brasilgo Olinpiar Jokoetatik Tokioko Olinpiar jokoetarako tartean izandako bizipenak hizketagai ditu Chourrautek dokumentalean
Amaiera eman diote Gipuzkoako batel ligari
Batel liga bukatutzat eman da eta une honetan sailkapenean puntu gehien dituena izango da irabazlea. Bestalde, Gipuzkoako batel txapelketa atzeratu egin da data zehatzik jarri gabe