HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Sokatira Mundiala. Partehartzaileak
Getxoko Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketak 16 selekzio nazional, 39 klub eta 580 kirolari bilduko ditu
Getxon izango da Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hilaren 16tik 19ra, Tug of War nazioarteko izena duena, eta Nazioarteko Federazioari (TWIF) –aurten 60. urteurrena betetzen du- atxikitako nazioarteko elkarteek eta beraien klubek parte hartuko dute bertan.
Bost kontinenteetako 73 federazio nazionalek osatzen dute nazioarteko federazioa. TWIFen zuzendaritza talde exekutibo baten esku dago eta gaur egun Hegoafrika, AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Herbehereetako kideek osatzen dute.
Guztira, 16 selekzio nazional bilduko dira Fadurako instalazioetan: Basque Country, Belgika, Txina Taipei, Txekiar Errepublika, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Israel, Italia, Letonia, Herbehereak, Polonia, Errusia, Hegoafrika, Suitza eta Suedia.
Txapelketa honetan, Basque Countryk tiraldiak jokatuko ditu 8 kategoriatan: 500 eta 540 kilo emakumezkoak; 560, 640, 680 eta 720 kilo gizonezkoak; 580 kilo mistoak; eta 480 kilo junior emakumezkoak. 2018an Lurmutur Hirian egin zen azken Munduko Txapelketan Basque Country taldeak arrakasta handia lortu zuen eta zazpi dominarekin itzuli zen etxera.
Gainera, 39 klub egongo dira, guztira 73 talde, 580 kirolari baino gehiago eta 50 epaile eta nazioarteko ofizial inguru. 8 kategoriatan jokatuko dira txapelketak, pisuen eta sexuen arabera, nazioen eta kluben arteko munduko txapelketan.
Klubei dagokienez, esan bezala 39 klub egongo dira (lau Euskal Herrikoak), guztira 73 talde osatuz. Lau euskal klub hauek (Gaztedi, Goierri, Getxo eta Mutriku), 7 kategoriatan arituko dira 18 talde osatuz.
Azkenik, aipatzekoa da Getxon munduko txapelketa honetan jokatzen diren hiru kategoria, gainera, 2022ko Birminghameko (Alabama, AEB) Munduko Jokoetarako txartela lortzeko konputatzen direla.
TXAPELKETAKO EGITARAUA
Irailak 14, asteartea:
-Izen-ematea hoteletan
Irailak 15, asteazkena:
-Izen ematea eta pisaketa hoteletan
-14:00 boten berrikuspena eta onespena Faduran eta bisita egoitzara
-16:00 Briefinga Faduran
Irailak 16, osteguna
-Goizeko saioa: 680 kl, gizonak / 580 Mistoa
-Arratsaldeko saioa: 560 kl, gizonak / 500 kl, emakumeak
Irailak 17, ostirala
-Goizeko saioa: 720 kl, gizonak / 600 kl, gizonak / 23 urte azpikoak
-Arratsaldeko saioa: 640 kl, gizonak / 540 kl, emakumeak
-18:00 Hasiera ekitaldia
Irailak 18, larunbata
-Goizeko saioa: 680 kl, gizonak / 580 Mistoa (WG)
-Arratsaldeko saioa: 560 kl, gizonak / 500 kl, emakumeak
Irailak 19, igandea
-Goizeko saioa: 720 kl, gizonak / 600 kl, gizonak / 23 urte azpikoak
-Arratsaldeko saioa: 640 kl, gizonak (WG) / 540 kl, emakumeak (WG)
Lur Gaineko Sokatira Mundialaren aurreneko bi egunetan kluben arteko norgehiagoka izango da eta, azkenengo bietan, aldiz, selekzioen artekoa. Denera, lau kontinentetako 30 herrialdetatik etorritako 1.500 kirolari inguruk parte hartuko dute lehian.
Mundialaren lehia atal bitan egituratuko da beraz: lehenengo egun bietan torneo bat egingo dute Tug of War International Federation-ari (TWIF) atxikitako eta 72 herrialdetatik etorriko diren klubetako kideen artean, eta azken egun bietan, aldiz, talde nazionalen txapelketa egingo dute.
Lehiak kategoria ezberdinetan garatuko dira, modalitateen eta pisuen arabera, emakumezko zein gizonezkoetan, mistoak diren sekzioak ere kontutan hartuko direlarik.
Sokatirako ospakizun hau bi urtetan behin egiten da, aurretik Hegoafrikan (2018), Suedian (2016) eta AEBetan lehiatu delarik. Ez da lehenengo aldia izango Getxon ezaugarri hauetako txapelketa bat antolatzen dena. 1991ean Fadurako Kirol Gunea goma modalitateko sokatiraren lehenengo Munduko Txapelketaren egoitza izan zen eta.
Bestalde, Getxoko Mundialean hiru aldagai garrantzitsu emango dira. Alde batetik, TWIF Nazioarteko Federazioak bere 60. urteurrena bete zuen 2020an, eta pandemiak ospakizunak eten baditu ere, Getxoko Txapelketan berreskuratzeko asmoa dute.
Bestetik, txapelketa honetan parte hartzeak kirolariengan sortutako interes handia nabarmendu behar da, izan ere, bertan ematen diren emaitzak 2022ko Munduko Jokoetara sailkatzeko balioa izango dutelako.
Eta hirugarrenez, 2021eko hasieran dopping-aren kontrako araudi berria martxan jarriko delako sokatira arloan, neurri zorrotzagoak ezarriz.
Txapelketa mundial baterako egoitza izateko Getxoren aukeraketa, nazioarteko testuinguruan nortasun propioarekin lehiatzeko eta selekzioaren ofizialtasuna lortzeko esfortzu irmo baten emaitza da.
Munduko Txapelketaren logoak “Sokatira Mundiala” izenburua dakar, horrela kirolaren euskarazko izendapena finkatuz, kirol honek gure herrian izan duen errotzea bistaratu nahian.
Euskal Herriko talde nazionala
2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu zuen Federazioan eta, ordutik, nazioarteko txapelketetan parte har dezake, Basque Country izendapenarekin.
Urte horretako abuztuan talde nazional modura lehenengo aldiz lehiatu zen, AEBetako Wisconsinen ospatutako lurreko Sokatira Mundialean. 2018an, gainera, Lurmutur Hirian ospatutako azken Munduko Txapelketan Basque Country taldearen ordezkaritzak arrakasta bikaina lortu zuen, etxera zazpi domina ekarrita: hiru sari selekzio nazionalen araberako txapelketan; zilarra gizonezkoen kategoriako 560 kilotan, brontzea emakumezkoen kategoriako 500 kilotan eta zilarra Mundialean lehiatzen ziren proba guztien artean gogorrena eta lehiakorrena den gizonezkoen 720 kilotako azken jardunaldian. Eta beste lau taldeen araberako modalitatean, Goiherrirako bi dominakin eta Gaztedirako beste birekin: Goiherrik zilarra eskuratu zuen 560 kiloko kategorian; eta brontzea 640 kiloko gizonezkoen hitzorduan. Gaztedik, aldiz, zilarra jaso zuen emakumezkoen 540 kiloko kategorian; eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen Goiherriren aurka.
[BIDEOA] Jon Redondo: “Ofizialtasunerako ez dago arazo juridikorik, borondate kontua da”
[BIDEOA] Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari elkarrizketa, ofizialtasuna lortzeko ekimenaz
Jon Redondo: «TASeraino lagunduko diegu nazioartean lehiatzea eskatzen duten federazioei»
Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari elkarrizketa, Euskal Selekzio nazionalen norabideaz
Euskal Herria sokatiran, Hegoafrika 2018 Munduko Txapelketatik bueltan
Lur Gaineko Sokatira 2018ko Munduko Txapelketa egin da irailaren 19tik 22ra Lurmutur Hirian (Hegoafrika). Euskal Herriko ordezkaritza ofizialak zazpi domina ekarri ditu.