HERRI KIROLAK/AIZKORA
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketa jokatu da Zestoan
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala azaroaren 21ean izango da, baina aurretik, larunbat honetan, urriak 30, lehen mailako kanporaketa jokatu da Zestoako kiroldegian, 18:00etan hasita, non guztira 16 aizkolari aritu diren lehian, 13 gizon eta 3 emakume.
Gizonezkoen lehian beraz honako aizkolariek neurtu zituzten indarrak, finalerako sei txartel jokoan zeudela: Jon Irazu (Zizurkil), Jexux Mari Mujika (Irura), Iker Vicente, (Otsagabia), Mikel Larrañaga (Azpeitia), Eneko Otaño (Beizama), Julen Alberdi “Txikia IV.a” (Azkoitia), Aitzol Atutxa (Dima), Jon Rekondo (Leitza), Ugaitz Mugerza (Mutriku), Julen Larrea (Barakaldo), Arkaitz Jauregi (Ilarduia), Iñaki Azurmendi (Ataun) eta Eloy Corchero (Araia). Egin beharreko lana, berriz, sei enbor ebakitzea izan zen: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko.
Mikel Larrañaga azpeitiarrak egin zuen denborarik onena, 16 minutu eta 44 segundo behar izan zituelarik lan guztiak bukatzeko. Garaipen erosoa izan zen, bigarren sailkaturiko Eneko Otaño beizamarrari minututik gorako aldea atera baitzion, 17 minutu eta 57 segundotan bukatu zuen lana Otañok eta.
Larrañaga eta Otañorekin batera, Iker Vicente egungo txapelduna, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi «Txikia IV.a» eta Jon Irazu sailkatu dira azaroaren 21ean egingo den finalerako. Gainontzeko aizkolariak txapelketatik at geratu dira eta azken postuan sailkatu zen Eloy Corcherok aldiz, Promozio mailan jokatu beharko du datorren denboraldian.
SAILKAPENA
1- Mikel Larrañaga (16 ́44”)
2- Eneko Otaño (17 ́57”)
3- Iker Vicente (18 ́11”)
4- Aitzol Atutxa (19 ́16”)
5- Julen Alberdi Txikia IV.a (19 ́25”)
6- Jon Irazu (20 ́03”)
7- Ugaitz Mugerza (20 ́33”)
8- Julen Larrea (21 ́06”)
9- Iñaki Azurmendi (21 ́10”)
10- Jexux Mugika (22 ́05”)
11- Arkaitz Jauregi (23 ́50”)
12- Jon Rekondo (24 ́16”)
13- Eloy Corchero (24 ́48”)
Gizonezkoen lehiaketaz gain, bost emakume lehiatu dira Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko banakako modalitatean: Maika Ariztegi (Ituren), Beatriz Tanco (Sarriguren), Karmele Gisasola “Zelai III.a” (Mallabia), Garazi Arruti (Bilbo) eta Uxue Ansorregi (Mendaro).
Horietako bi Araiako proban lehiatu ziren pasa den asteburuan (Maika Ariztegi -9:08- eta Beatriz Tanco -15:00- eta hiru larunbat honetan Zestoan. 36 ontzako lau enbor moztu behar zituen bakoitzak eta bi saioak kontutan hartuta hiru denborarik onenen jabeak azaroan jokatuko den finalera pasatu dira.
Larunbateko saioan, duela bi aste Araian parte hartu ez zuten hirurak lehiatu ziren: Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi. Gisasola izan zen lanak amaitzen aurrena, 9 minutu eta 5 segundoko denbora eginda. Uxue Ansorregi (9 ’11 “ ) bigarren sailkatu zen sei segundo eskasera, eta Garazi Arruti hirugarren izan zen, 13 ’22” denboran bukatuta.
Emaitza hauekin beraz, emakumeen azken finalerako honakoak sailkatu dira: Karmele Gisasola bi saioetako denbora onenarekin, Araian nagusi izan zen Maika Aristegi –hiru segundo gehiagorekin– eta Uxue Ansorregi hirugarren denbora onena eginda.
Bizkaiko hainbat Herri Kirol Txapelketa jokatu ziren larunbatean Getxon
Getxoko Andra Mari probalekuan, goizean zehar Bizkaiko Giza Proba Txapelketak izan ziren eta arratsaldean berriz, Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketak
Binakako Aizkolari eta Harrijasotze Txapelketak finalaurrekoetan dira
Txapelketa bakoitzeko hiru finalaurrekoak otsailean zehar jokatuko dira eta finalak martxoaren 14an Azpeitian
Martxoan jokatuko da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Martxoaren lehenengo asteburuan hasi (martxoak 6 eta 7) eta hil bereko azkenekoan (27 eta 28) amaituko da