EUSKAL PILOTA
Setien eta Larre Gain, Sagardoaren Txapelketaren finalera
Baditugu Sagardoaren Txapelketako finalistak. Ansa II.a-Juanenea eta Urriza-Zubiri bikoteek jokatuko dute datorren astelehenean bien arteko final handia. Finalerdietan Setien eta Larre Gain nagusitu ziren Oialume Zar eta Petritegi ordezkatzen dituzten Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a eta Segurola-Azpirozen aurka.
Lehenengo finalerdian Ansak eta Juaneneak 25-30 garaitu zituzten Goikoetxea V.a eta Barrenetxea. Beste behin, Oialume Zar finaleko atean geratu da. Bigarren partiduan Urrizak eta Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola eta Azpirozen kontra. Beraz, Urriza eta Ansa aurrelariak berriz ere Sagardoaren Txapelketaren finalean elkarren aurka arituko dira. Oraingoan, Juanenea eta Zubiri bikote bezala. Pasa den urtean Ansaren bikote zen Labaka eta Urrizak, Zalduarekin irabazi zuen txapela.
Finalerdiak lehiatuak izan ziren eta Galarretan giro benetan polita jarri zuten hurbildu ziren zaletuek. Ekitaldi jendetsua izan zen atzokoa Hernaniko frontoian.
Ansa eta Juanenea hasieratik nagusitu ziren lehenengo finalerdian, nahiz eta partidu lehiatua izan zen. 2-4 aurreratu ziren eta abantaila mantentzen joan ziren, 7-10era arte. Orduan bost tanto jarraian egin zituzten urdinek eta zortzi tantoko abantaila lortu zuten, 7-15. 12 eta 20ra arte mantendu zuten aldea eta orduan etorri zen gorrien erreakzioa. Hiru tantora hurbildu ziren 20-23, baina ez zen haratago joan. Ansak eta Juaneneak abantaila handitu zuten sei tantora, 23-29 eta partidua itxi zuten 25-30.
Tanto oso gogorrak jokatu ziren eta partida ikusgarria izan zen. Lau pilotariak lurrean ere geratu ziren tantoak amaitzean. Ansa izan zen zenbaki hoberenak egin zituen pilotaria, 18 tanto eta hiru akatsekin. Nagusi izan zen aurrelarien lehian eta oso ongi aritu zen. Goikoetxeak zazpi tanto eta hiru akats egin zituen. Atzelarien lehian Barrenetxeak ere partida esanguratsua egin zuen 14 tanto eta bi akatsekin, baina Juaneneak ongi eutsi zuen eta ez zuen ia akatsik egin. Zazpi tanto eta akats bakarra egin zituen.
Bigarren partida ere gogorra izan zen eta gorriek, Urrizak eta Zubirik, partida azken tantoetan erabaki zuten. Hasiera parekatua izan zen, gero gorriek lau tantoko aldeak lortu zituzten 12-8 eta 19-14, baina urdinek, Segurolak kolpearekin eta errematean min handia eginez, 21-20 jarri ziren.
Hala ere, ez zuten lortu partida berdintzea eta gorriek azken txanpa hobea egin zuten. Zubirik bere esperientzia jarri zuen kantxan eta Azpiroz gainditzea lortu zuen. Goizuetarraren partida nabarmentzekoa izan zen. Aldea sei tantora igo zuten eta partida erabaki zuten, 26-20. Nekea nabaritu zuten urdinek eta 22an geratu ziren. Zubiri izan zen finalerdietako erremontistarik onena 11 tanto eta akats bakarrarekin. Urrizak 13 tanto eta bi akats egin zituen. Urdinetan Segurola nabarmendu zen eta Urrizaren pare izan zen 14 tanto eta 4 akatsekin. Azpirozek bost tanto eta bi akats egin zituen.
Hastear da Sagardoaren Erremonte Txapelketako hamargarren edizioa
Ostegun honetan hasi eta maiatzaren 9an amaituko den aurtengo edizioan, orotara zortzi bikotek hartuko dute parte
Erabakita gelditu dira Emakume Master CUPeko finalerdiak
Pilota goxoko finalerdiak martxoaren 8an jokatuko dira Beasainen eta mistokoak martxoaren 14an Elgoibarren
Infantil nesken mailako historiako lehen txapelak lortu dituzte Isasa eta Mendizabalek
Historian lehen aldiz jokatu dute Infantil mailako neskek xareko lehiaketa ofizial batean, 2020ko Gipuzkoako Txapelketan