EUSKAL PILOTA

Sei bikotek jokatuko dute Jai Alai Winter Series txapelketa

2022/01/22

Argazkiak: Jai Alai News ​

Aurreko asteko Bilboko aurkezpenaren ostean, lehiaketako antolakuntzatik jakinarazi berri dituzte Jai Alai Winter Series txapelketaren xehetasunak, Ibarrangeluko Laga hondartzan.

Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila, bi multzotan banatuta: A multzoa Barandika-Lekerika, Olharan-Etcheto eta Erkiaga-Zabala bikoteek osatuko dute, eta B multzoan, berriz, Goikoetxea-Aimar, Arpe-Lopez eta Beaskoetxea-Aldazabal arituko dira.

Sei ordezko ere zehaztu dituzte: Hormaetxea, Ithurria, Laduche (aurrelariak), Basque, del Rio eta Manzisidor (atzelariak).

Aldez aurretik, faborito argirik ez dagoela esan daiteke, izan ere, bikote denak oso orekatuta daude eta edonork irabazi dezake. Horrek emozioa emango dio txapelketari, partidu gogorrak eta berdinduak espero direlarik.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 28ra jokatuko dituzte kanporaketaren sei jardunaldiak, sei bikoteren arteko ligaxkarekin. Multzo bakoitzean puntu gehien pilatzen dituzten bina bikoteak ariko dira martxoaren 7an eta 14an izango diren finalerdietan, finala martxoaren 20an izango delarik. Lehenengo jardunaldia eta finala larunbatean jokatuko badituzte ere, gainontzeko partidu guztiak astelehenetan izango dira, eta ETB1ean eskainiko dituzte partidu guztiak.

Barandika-Lekerika eta Erkiaga-Zabala bikoteen arteko partidua izango da ligaxkaren lehenengoa, datorren larunbatean lehiatuko dena, txapelketako egutegia honakoa izango delarik:

Ligaxkaren partiduak

Urtarrilak 29. Barandika-Lekerika vs. Erkiaga-Zabala

Urtarrilak 31. Arbe-Lopez vs. Beaskoetxea-Aldazabal

Otsailak 7. Olharan-Etcheto vs. Erkiaga-Zabala

Otsailak 14. Goikoetxea-Aimar vs. Beaskoetxea-Aldazabal

Otsailak 21. Barandika-Lekerika vs. Olharan-Etcheto

Otsailak 28. Goikoetxea-Aimar vs. Arbe-Lopez

Finalerdiak

Martxoaren 7an eta 14an

Finala

Martxoaren 20an