PILOTA
Segurola-Barrenetxeak eta Ansa-Aizpuruk garaipen ikusgarriak lortu dituzte
Galarretak ikuslerik gabeko Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia bizi izan zuen, baina emozioak kontrakoak izan ziren bi partidatan. Lehenengoan Segurola eta Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Larrañaga baino askoz gehiago izan ziren (40-12). Gorriak 45 minututan iritsi ziren 40ra. Bigarren partidan berdintasuna eta joko ona izan ziren nagusi eta 35-40ko emaitzarekin bukatu zuten Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak, Urriza eta Labakaren aurka.
Atzelari hernaniarra jaun eta jabe izan zen hamalau tanto eginez sakearekin eta zortzi tantorekin piloteoan. Gainera, Segurolak ezin hobeto lagundu zion, ez zuen akatsik egin eta hamahiru tanto lortu zituen piloteoan. Juanenea eta Larrañaga euren mailatik behera egon ziren eta aurkariak ez zituzten inoiz kezkatu. Aurrelariak bost tanto eta bi huts egin zituen, atzelariak zazpi eta hiru. Espero baino lehenago amaitu zen norgehiagoka.
Bigarren partidan Ansa II.ak eta Aizpuruak lortu zituzten lau puntuak. Partida bikaina eta ederra izan zen, eta lau erremontistak gozatu zuten. Pena ikusleek zuzenean ikusi ezin izana. Partida gorrien abantailekin hasi zen. Urrizak eta Labakak 4-1, 10-6, 14-11 eta 20-16 agintzen zuten. Iruñeko aurrelariak agintzen zuen piloteoan, baina urdinek ez zuten amore ematen eta gorriei aurre egiten zieten. 21era, 22ra, 23ra berdindu zuten eta hortik aurrera hiru tantuko aldea hartu zuten, amaierara arte mantentzen jakin zuten hiru-lau tantoko abantaila: 24-28, 27-30, 31-34, 34-37 eta 35-40. Lauetatik bat nabarmendu behar bada hori Aizpuru da zalantzarik gabe. Azpeitiarrak agian bere partidarik onena jokatu zuen profesional denetik.
Urrrizaren pilotakadei eutsi zien, tantoak bukatu behar zirenean asmatu zuen eta partidaren pisua eramaten jakin zuen. Ansa II.ak ere partida ona jokatu zuen. Bien artean bederatzi akats egin zituzten arren, asmatu zutenek soberan konpentsatu zituzten opariak. Abiadura handian jokatu zuten eta kirol ikuskizunak eskertu egin zuen. Aizpuruk lau tanto egin zituen saketik eta sei piloteoan.
Bi emaitza hauekin Segurola eta Barrenetxea ligaxkako sailkapeneko lidertzara pasa dira zortzi punturekin, Urriza eta Labaka 5ekin bigarren daude, Ansa II.ak eta Aizpuruk lau dituzte partida bakarrean eta partida berdinekin Goikoetxeak eta Endikak ez dute punturik lortu, Juaneneak eta Larrañagak, bi partida jokatuta, -1
Aldaik eta Mendizabalek osatuko dute Nafarroa Arenako finala
Lizarrak bere emakume pilotariei egin dien omenaldi hunkigarriaren ostean
Hastear da Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa gomazko paleta modalitatean
Guztira 54 pilotarik hartuko dute parte, hiru mailatan banatuta: kadeteak, 22 urtez azpikoak eta elitea
Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri, finalerdietarako bidean
Aldabe eta Larrañaga aldiz, sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira