HERRI KIROLAK/AIZKORA

Oier Kañamares eta Alvaro Garciak 2. eta 3. mailako aizkolari finalak irabazi dituzte

by | 2020/12/01

Argazkiak: egursport.com

Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Euskal Herriko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatu ziren pasa den igandean. Jaialdia goizeko 12:00etatik aurrera lehiatu zen Bastidako pilotalekuan, pandemia dela eta, ateak itxita, ETB1 kateak zuzenean eskaini zuelarik.

Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren finalean, zazpi aizkolari aritu ziren: lau nafar (Joxean Etxeberria, Oihan Larretxea, Oier Kañamares eta Iban Resano), Luis Mari Txapartegi eta Xabier Zaldua gipuzkoarrak eta Hodei Ezpeleta bizkaitarra. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten.

Lanak azkarren amaitu zituena Oier Kañamares Kañamares IV.a  izan zen (23´38´´) eta beraz etxera eraman du 2. mailako aurtengo txapela. Bigarren postuan sailkatu da Luis Mari Txapartegi (24´19´´), Oier Kañamares txapeldunaren atzetik, 40 segundora. Finaleko bi aurrenekoek zuten sari gehigarri gisa lehen mailara igotzea, eta beraz, Kañamaresentzat eta Txapartegirentzat izan zen saria. Hirugarren Hodei Ezpeleta izan zen (25´09´´), laugarren Iban Resano (25´13´´), bosgarrena Xabier Zaldua (25´40´´), seigarren Oihan Larretxea (26´02´´) eta zazpigarren postuan Jose Antonio Etxeberria sailkatu zen (26´13´´).

Euskal  Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finalean berriz, zortzi aizkolarik hartu zuten parte: lau nafar (Julen Olano, Txomin Amundarain, Ibai Soroa eta Goizeder Belza),  Gipuzkoako bi aizkolari (Julen Aranberri eta Unai Otaegi), Luis Polanco arabarra eta Segoviako Alvaro Garcia Hoyuelos.  Egin beharreko lanak, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako erdibitzea.

Urrezko Aizkolarien 3. mailako txapelduna Alvaro Garcia izan zen, 14 minutu eta 38 segundoko denbora eginda. Bigarren Julen Olano izan zen, 24 segundora (15´02´´), hirugarren Unai Otaegi (16´44´´), laugarren Goizeder Beltza (17´21´´), bosgarren Luis Polanco (17´25´´), seigarren Ibai Soroa (17´26´´) eta zazpigarren Txomin Amundarain sailkatu zen (19´05´´). Julen Aranberri “Elorriaga II.a” aldiz, erretiratu egin zen.

Share This