ARRAUNA
Santurtzi eta Deustu, Bizkaiko txapeldun
Santurtzi izan da Bizkaiko txapelduna gizonezkoen mailan eta Deustuk lortu du garaipena emakumezkoen mailan. Kale beretik arituta irabazi zuten biek; ‘Tomatera’-ren lehendabizikoa da eta ‘Sotera’-rena, berriz, hamaikagarrena.
Emakumezkoetan lau talderen artean erabaki zen txapelduna: Isuntza, Ondarroa, Deusto eta Lutxana. Iazko txapelduna Ondarroa izanik ere, Tomatera ontzia zen bandera irabazteko faboritoa eta deustuarrek ez zuten hutsik egin Lekeitioko estropada eremuan. Hasieratik hartu zuten estropada burua, baina ez ziren urrun Ondarroa eta Isuntza. Lutxana aldiz, berehala geratu zen atzean. Deustu heldu zen aurrena lehen ziabogara, sei segundo geroago Ondarroa, eta hamaika segundora Isuntza. Azkenean, posizioak mantendu zituzten, eta helmugan Deustuk lau segundoren aldea atera zion Ondarroari, hamairukoa Isuntzari eta dexente atzerago ailegatu zen Lutxana, 55 segundora.
Gizonezkoetan, berriz, hamar talde aritu ziren hiru txandatan banatuta eta are estuagoa izan zen lehia. Lehen paladatik Santurtzik eta Zierbenak egin zuten aurrera, eta lehen ziabogara berdinduta ailegatu ziren, zazpi segundo geroago heldu zirelarik Urdaibai eta Ondarroa.
Azken ziabogara hiru segundoren aldearekin heldu ziren moreak baina amaierako zatian Sotera ontziak hegan egin zuen sasoi betean daudela erakutsita (Eusko Label ligako lidergoan daude) eta azkenean Santurtzi izan zen garaile, eta Zierbena bigarren, hamabost segundora. Ondarroa sailkatu zen hirugarren 34 segundora, eta Urdaibai laugarren 44 segundora.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
- Santurtzi 20:53,93
- Zierbena 14,91″ra
- Ondarroa 34,06″ra
- Urdaibai 44,38″ra
- Arkote 56,18″ra
- Lekittarra 58,23″ra
- Deusto 1:31ra
- Kaiku 1:43ra
- Portugalete 2:08ra
- Busturialdea 2:56ra
Emakumezkoak
- Deusto 12:11,31
- Ondarroa 4,18″ra
- Isuntza 13,59″ra
- Lutxana 55,92″ra
KAE 1 Ligan 13 ontzi egongo dira eta KAE 2 Ligan 10 edo 11
KAE1ean 13 izango dira Kaikuk izena eman eta gero eta KAE2an 11 azkenean ZumaiaBk bere parte hartzea baieztatzen badu
Ez da jokatuko distantzia luzeko aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketa
Igandean, urtarrilak 24, egitekoa zen lehiaketa ez da azkenean jokatuko, COVID19ak lurraldean izan duen bilakaera aintzat hartuta
Oriok jantzi du Euskotren ligako txapela
Oriotarrak jaun eta jabe izan ziren Zarautzen, bertako ikurrina irabazita ospatu zutelarik Euskotren Ligako txapela