ARRAUNA

Oriok jantzi du Euskotren ligako txapela

by | 2020/08/18

Iragan astetik matematikoki irabazita zuten liga, baina ez zuten ezer ospatu nahi behin betiko garaipena eskuratu arte. Eta liga osoan gertatu bezala, pasa den asteburu honetan ere oriotarrak jaun eta jabe izan ziren Zarautzen, bertako ikurrina irabazita ospatu zutelarik Euskotren Ligako txapela.

Nadeth Agirrek zuzendutako arraunlariak aise nagusitu ziren larunbateko zein igandeko saioetan. Oriok ia hamar segundoren aldea lortu zuen larunbateko estropadan eta tarte hori  handitu egin zuen bigarren jardunaldian, abantaila beste hamahiru segundotan handituta.

Ziabogan, Nadeth Agirreren arraunlariek 6 segundo atera zizkioten Donostiarrari, 8 Arraun Lagunaki eta 12 Hondarribiari Horrela, azken luzean aldea handitzen joan da helmugara iritsi arte. Bertan oriotarrek 13 segundo atera dizkiete Donostiarrari, 17 Arraun Lagunaki eta 23 Hondarribiari.

22:01ko denbora osatu zuen Oriok bi jardunaldietan, eta 46 puntu pilatu ditu guztira ligan. Donostiarra izan zen bigarren banderaren sailkapen nagusian nahiz ligan, Oriok baino hamar puntu gutxiago eskuratuta. Arraun Lagunak izan da hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Horrela, liga amaituta, hamabi estropadatik hamarretan izan da garaile Orioko trainerua, eta zortzigarren bandera eskuratu du. Bigarren urtez jarraian irabazi du Euskotren liga. 

Nadeth Agirrek patroirik onenaren sailkapenean ere nagusitasuna berretsi zuen Zarautzen, hortaz bera izan da 2020ko denboraldiko Euskotren ligako patroirik onena.

COVID-19ak sortutako ezohiko egoera dela eta, ezin da errezibimendu jendetsurik egin, baina, Orioko emakumezkoen taldeak aurkitu zuen ligako garaipena herritarrekin ospatzeko modua. Igande arratsaldean, kalez kale ibili zen taldea furgonetetan igota, oriotarrei irabazitako banderak eskaintzen. Ederra izan zen erantzuna, txalo zaparrada eta animo oihuak jaso baitzituzten.

Zarautzeko Ikurrinaren sailkapen nagusia:

  1. Orio 22:01,06
  2. Donostiarra + 23,64
  3. Arraun Lagunak +31,72
  4. Hondarribia + 1:10,10

Share This