EUSKAL PILOTA

San Fermin Torneoaren finala zehaztu da

2021/07/10

Argazkiak: oriamendi2010

Ansa II.a-Larrañagak 26-30 irabazi zioten Juanenea-Barrenetxea IV.ari San Fermin Torneoko finalerdian eta Urriza eta Aizpuru III.aren aurkariak izango dira datorren asteazkenean, uztailak 14, Galarretan jokatuko den finalean.

Finalerdiak ez zuen huts egin. Oso partida polita izan zen eta lau erremontistek abiadura handian jokatu zuten. Bi aurrelariek nahiago izan zuten beren bertute nagusia zukutu, hau da, pilota indarrez jotzea abiadura emanez.

Juaneneak eta Barrenetxeak agindu zuten markagailuan, baina ez zuten partida ixten jakin. 25-24koaren ondoren, 1-6ko partzialak urdinen aldera eraman zuen partida Larrañagaren lau tantorekin. Partida hasiera ona izan zen gorrientzat eta lau tantoko aldeak eraman zituzten. Ansak eta Larrañagak 18na eta 22na berdindu zuten eta aurkariek baino indartsuago bukatu zuten norgehiagoka.

Ansa III.ak 17 tanto eta bi akats egin zituen, bikotearen pisua eraman zuena izan zen, eta gorrien aldean Barrenetxea oso ondo aritu zen hiru tanto sakez eta hamar piloteoan eginda. Hori bai, Larrañagak bi tanto egin zituen sakean eta bost piloteoan, eta bi sake eta bi tanto kateatu zituen amaieran. Juaneneak hamar tanto eta hiru akats egin zituen.

Finalean, irabazleek Urriza eta Aizpururekin egingo dute topo, ligaxkan hauek irabazi zuten, baina Juanenea eta Barrenetxearen aurka ere galdu zuten eta finalerdian aldiz egoerari buelta eman diote.


Loitegi eta Zubiri, finalistak

B multzoko San Fermin Torneoan, Loitegik eta Zubirik 30-26 irabazi zieten Zaldua II.ari eta Labakari finalerdian eta finala Urrutia II-Martirenaren aurka jokatuko dute. Partidak amaiera berdindua izan zuen, Loitegik eta Zubirik argi eta garbi menderatu ondoren. Hasiera parekatuaren ostean, gorriek 17-10, 22-15 eta 27-19 ihes egin zuten, baina Zaldua II.ak eta Labakak, lana oinarri hartuta, desabantaila murriztu zuten eta bi tantora hurbildu ziren, 27-25. Amaieran, baina Loitegi eta Zubiri ez ziren kikildu eta finalera sailkatzeko gai izan ziren. Atzelariak nabarmendu ziren. Labakak 12 tanto eta akats bat egin zituen, eta Zubiri izan zen partidako onena 15 tanto eta bi akatsekin.

Share This