EUSKAL PILOTA
Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu da
Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) eta Ansa II.ak eta Juaneneak (Setien), finalerdietan sartzeko pauso garrantzitsua eman zuten astelehenean Erremontari saioan.
Goikoetxea eta Barrenetxea nagusi izan ziren lehenengo partiduan eta 30-20 garaitu zituzten Aldabe eta Larrañaga (Bereziartua). Bigarren partiduan alde handiagoa izan zen eta Ansa eta Juanenea, 30-18, gailendu ziren Ezkurra II eta Zalduaren (Gurutzeta) kontra.
Garaileek lau puntu gehiago dituzte sailkapenean eta galtzaileek ez zuten punturik lortu asteleheneko jardunaldian. Honela, Oialume Zar sagardotegiak 9 puntu ditu bi partidetan eta bakarraren faltan, finalerdietarako sailkapena oso gertu du. Aldabe eta Larrañagak ordea ez dute bi partidetan punturik batu eta horrek Bereziartuaren sailkapena asko zailtzen du. Geratzen zaizkien bi partidak ia derrigor irabazi beharrean dira.
Setienek ere bideratua du sailkapena bi partidetan sei puntu lortu eta gero. Ezkurrak eta Zalduak (Gurutzeta), galdu arren, aukera guztiekin jarraitzen dute sailkatzeko.
Lehenengo partiduan Goikoetxea eta Barrenetxea nagusi izan ziren. Parekotasunak hamar tanto iraun zituen. Launako berdinketa eta gero gorriak abantailak lortzen hasi ziren eta ihes egin zuten markagailuan, 8-5 eta 15-8. Abantaila ezin hobeto kudeatu zuten eta urdinek ez zuten partidan sartzeko aukerarik izan. 20-14, 24-15, 26-19 eta 30-20 izan zen markagailuaren mugimendua. Barrenetxea izan zen pelotaririk onena. Saketik min asko egin zuen eta 17 tanto egin zituen guztira. Jaun eta jabe izan zen.
Bigarren partiduan Juaneneak eta Ansak erraz irabazi zuten. Hasieratik ihes egin zuten, 8-2, eta partida mendean izan zuten uneoro. Ezkurra eta Zaldua ezinean aritu ziren eta ez zuten egunik onena izan. Aldeak handiak izan ziren: 15-8, 19-11, 24-13 eta 30-18. Markagailuak partidaren norabidea erakutsi zuen, urdinentzako nahi eta ezina.
Ansaren eta Juanenearen erakustaldiak nabarmentzekoak izan ziren. 13 tanto egin zituen eta ez zuen akatsik egin aurrelariak. Inoiz baino seguruago aritu zen. Horren arrazoietako bat Juanenearen laguntza eta lana izan ziren. Konfidantza asko eskaini zion. Juaneneak 11 tanto eta akats bakarrarekin amaitu zuen. Ezkurrak 12 tanto eta lau akats egin zituen eta Zalduak, bost tanto eta hiru akats.
EMAITZAK
- Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 30 Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) 20
- Ansa II-Juanenea (Setien) 30 Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta) 18
SAILKAPENA
- Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 9 puntu (hiru partidu)
- Ansa II-Juanenea (Setien) 6 puntu (bi partidu)
- Urriza-Zubiri (Larre Gain) 4 puntu (partidu bat)
- Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta) 4 puntu (bi partidu)
- Segurola-Azpiroz (Petritegi) 4 puntu (bi partidu)
- Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) 0 puntu (bi partidu)
Astebete aurreratuko da Emakume Master Cup Txapelketaren hasiera
Finalerdiak, ekainaren 21ean izango dira Elgoibarren, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Final biak aldiz, Irunen astebete geroago.
Gorka Leunda: «Kirolaren garapena hobetzeko aldaketa estrukturalak bultzatzen ditugu»
Avento Kirol Aholkularitza-ko arduradunarekin elkarrizketa, Euskal Kirol Esparruari buruz
16 pilotari arituko dira Nafarroako erremonte enpresa berrian
Ekainaren amaiera aldera binakako txapelketa abian jartzea dute helburu