EUSKAL PILOTA
Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi du Plazandreak txapelketa
Olatz Arrizabalagak gidatuta, Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi du Udako Torneoaren lehen edizioa
Reyes Azkoitia bergararraren aginduetara aritu den taldea, Olatz Arrizabalagak (Gernika), Irantzu Etxebestek (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatua, irabazi du Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehen edizioa.
Azkoitiaren taldeak (urdina) Mikel Inuntziagarena (gorria) izan zuen aurrez aurre (Arrate Bergara bergararra, Iera Agirre leitzarra eta Dimako Amaia), abuztuaren 28an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean
Hori bai, nahiz eta taldekako lehiaketa izan, Reyes Azkoitiaren taldearen garaipenak izen propio nabarmen bat izan du, txapelketa osoan zehar jokatu diren banakako bederatzi partidetan, finaleko biak barne, nagusitu den Olatz Arrizabalagarena. Pilota goxotik mistorako aldaketa primeran etorri zaio bere joko punturik onenean den gernikarrari eta gaurko finalean hala erakutsi du.
Bilboko Bizkaia pilotalekuan batu diren 400dik gora zaleen aurrean, finala buruz buruko lehen lehiarekin hasi da, Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalagaren artekoa, entrenatzaileen arabera txapelen norabidea erabaki zezakeen partidarekin hain zuzen ere.
Aurrekariei erreparatuta, lehia parekatua espero zen, baina, egia esan, emozioak ez du binakako berdinketara arte baino iraun. Une horretatik aurrera, Olatz Arrizabalaga nagusi izan da kantxan, eta min handia egin dio Aldairi sakearekin eta ezkerrez moztutako pilotakadekin. Dimakoa deseroso egon da kantxan eta uste baino lan gutxiago eman dio gernikarrari. Azkenean, Arrizabalagak eskuratu du garaipena (5-12) 19,55 minutu iraun dituen lehian, zeinean 126 pilotakada izan ziren.
Finala oso ondo bideratuta zirudien urdinentzat lehen puntu honekin, baina Mikel Inuntziagaren taldeak berehala eman dio buelta kolpeari. Gorrien aldetik, Iera Agirre-Arrate Bergara aritu dira eta Irantzu Etxebeste-Nora Mendizabal aukeratu ditu Reyes Azkoitiak. Leitzako aurrelariak ez die aukerarik eman aurrean izan dituen aurkari gazteei. Sakez egindako bost tantoekin zein erremateekin lorturiko beste bostekin, azkar asko berdindu du finala Iera Agirrek, Mendizabalen ezker eskuko arazoak tarteko (12-3).
Beraz, kaiolako azken neurketan erabaki da dena, eta, binakakoan emandako maila bikaina ikusita, Mikel Inuntziagak Iera Agirreren aldeko apustua egin du Olatz Arrizabalagari aurre egiteko asmoz. Alperrik, ordea, gernikarra Leitzako pilotariaren gainetik pasa da eta 1-12 irabazi dio. Bizkaitarrak beste abiadura bat eman dio pilotari, Iera Agirreren ezkerra bilatu du eta, gainera, sakearekin min handia egin dio, emoziorik gabeko partidan.
Finaleko partiduen emaitzak:
Amaia Aldai 5 Vs Olatz Arrizabalaga 12
Agirre-Bergara 12 Vs Etxebeste-Mendizabal 3
Iera Agirre 1 Vs Olatz Arrizabalaga 12
Ostiralean abiatuko da Banakako Pala Txapelketa
Urtarrilaren 28tik martxoaren 19ra jokatuko da eta InnPala-ko hamar palista arituko dira lehian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Martin-Huizi eta Irazustabarrena-Etxaniz bikoteak neurtuko dira finalean hilaren 30ean
Juaneneak Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko du finalerdia
Aritz Zubiriren aurka 30-17 irabazi ondoren