«Kopako finala, galdutako aukera»
Iñigo Santxo | Martxel Toledo
ESAITeko abokatu eta koordinatzaile ohiak
→ Iñigo Santxo | Martxel Toledo • 2021.04.10 •
Kopako finala, galdutako aukera
Iñigo Santxo
Martxel Toledo
ESAITeko abokatu eta koordinatzaile ohiak
Nahi ala ez, azken aste hauetan denbora asko eskaini diogu Athleticek eta Realak jokatu berria duten finalari. Batzuen esanetan gehiegi ere bai, bonbardaketa moduan horretan nazkatu arte aritu direlako gurean ditugun hedabide gehienak, guztiak ez esatearren.
Hala ere, gaurkoan ez gatoz kritikatzera zertarako erabili edo aprobetxatu nahi izan den oraingo finala, horrelakoak ikustera, tamalez, nahiko ohituta gaudelako. Horregatik, eta kirol irizpidetik harago joanda, gure galdera da: Espainiako Errege Koparen finala bi euskal taldek jokatzeak, geurean egunkari gehiago saltzeko edota gure arteko haserreak eta ezinikusiak azalaraztetik kanpo, zerbait gehiagorako balio izan du? Alegia, zerbait gehiagorako aprobetxatu dugu? Eta gure sentsazioa da ezetz, alegia, final honen aurrean gure herri nortasuna aldarrikatzeko ez dugula publikoki ezer egin eta aukera bat galdu dugula. Bistan da kirol irizpidetik haratago egindako artikulua izanik, frustrazio puntu bat ere daramala berarekin. Baina uste dugu ondorioak ateratzea ere komenigarria dela; are gehiago, laster, ekainean Eurokopa seguruenik San Mamesen jokatuko denean.
45 urte pasatu dira Athleticen eta Realaren arteko derbian Kortabarriak eta Iribarrek, De la Hoz artean zutela, Atotxan ikurrina atera zutenetik. Ez ziren garai errazak haiek, Franco diktadorea hil ondorengo trantsizioaren hasiera zelako. Baina orduan orain bezala, Euskal Herria aldarrikapen borrokan murgilduta zegoen, eta De la Hoz Realako jokalaria izan zenak elkarrizketa batean zioen modura, «gu ere herria ginen eta zerbait egin behar genuen herriaren eskubideak aldarrikatzeko».
Nola ahaztu futbol jokalariak edo beste mota batzuetako kirolariak ere, guztiak, pertsonak ere badirela, eta zentzu horretan eskubide osoa dutela herriaren aldarrikapenarekin bat egin edo ez erabakitzeko. Eta interesatu batzuek esan arren kirola ez dela nahasi behar politikarekin, uste dugu ezin dugula tranpa horretan erori, denok dakigulako, kirol ikuskizun handietan eta txikietan ere, aldarrikapen ekimenak zorionez beti egon direla, eta, besteak beste, herritarrak aktibatzeko eta kontzientzia sortzeko ere baliagarri direla. Ez al da politika, palkoetan zeuden ikusle urrien artean Estatuko armadaren burua eta Guardia Zibilaren burua hor egotea?
Ez dugu ezer asmatuko Sevillako La Cartuja futbol zelaian bi taldeen aldetik horrelako edo antzeko aldarrikapen bat espero genuela esaten badugu, horretarako aukera paregabea zegoelako, besteak beste, bi euskal talde zelaian eta Espainiako Erregea eta monarkiaren ordezkari sutsuak palkoan, futbol ligako presidentea barne. Eta sentsazioa dugu beste euskal herritar askok eta askok ere itxaropen horrekin piztu zutela etxeko telebista. Baina jokalari batzuek era pertsonalean bizkar gainean zorionez zeramaten ikurrinez aparte, ez genuen talde gisa horrelakorik edo antzekorik ikusi; eta horregatik diogu Errege Kopako final hau, aldarrikapen ikuspegitik aztertuta, guretzat behintzat galdutako aukera izan dela.
Hala ere —eta agian honek sortu beharko liguke kezka handiena—, finalaren ondoren gehienon ezinegon nagusietako bat, hutsune hori ikustea baino, ea batzuk galtzen ikasi ote duten edota irabazleek aurkaria zigortzeko erabili duten musika tresnen inguruan erreparatzeak badu guretzat kezkatzeko puntu bat. Zer dela eta horrelako eztabaida inozoak sortzeko joera eta gogoa? Agian beste zerbait ezkutu nahian? Edo betiko moduan bi taldeetako zaletuen arteko haserrea berpiztu nahian?
Aurretik aipatu bezala, artikulu hau ez dugu inoren aurkako kritika bezala argitaratzen, jakin badakigulako, egun, oro har kirol munduan eta batik bat futbol profesionalean dauden interesak ikusita, ez dela erraza hitzetatik ekintzetara pasatzea, are gutxiago bizi dugun egoera honetan. Baina hala ere, nola ukatu, Atotxako irudi hura —edo beste hainbatetan ikusitakoen antzekoren bat— La Cartujan ikusteko itxaropena bagenuela.
Hainbat ikusmira sortu duen bi euskal taldeen arteko Errege Kopako finala bukatu da, baina oraindik Kopako beste final bat gelditzen zaigu, hain zuzen, Athletic eta Barçaren artekoa, hilaren 17an jokatuko dena. Eta beraz, zentzu positiboan ikusita, aldarrikapen ikuspegitik, oraindik zerbait egiteko aukerak hor jarraitzen du.
Ea ba ESAITen garaian bezala, oraingoan ere, espainiar monarkiaren eta hura ordezkatzen duen Erregearen aurrean edo Euskal Herriko eta Kataluniako kale edo balkoietatik gure haserrea azaltzeko eta, bide batez, Euskal Errepublika aldarrikatzeko, zerbait antolatzeko gaitasuna dagoen. Euskal Herriak eta Kataluniak asko dugu aldarrikatzeko. Gainera, uste dugu merezi duela, besteak beste, laster ekainean San Mamesen jokatuko den Eurokoparen aurrean nola kokatzen garen jakiteko bada ere. Ez litzatekeelako ulergarria izango, euskal selekzioaren ofizialtasuna nazioartean oztopatzen duen arerio nagusiari, gure etxean alfonbra gorria jartzea eta hura txaloka hartzea.
Horregatik, bat egiten dugu, Eurokopa honi ez! plataformak antolatutako ekimenekin; besteak beste, gaur bertan egingo diren manifestazioekin.
Zorionak Reala, eta animo Athletic. Handiak zarete eta handia egiten ari zarete! Bai ala Bai.
“Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko jarrera aktiboa izango dugu”
Manu Diaz (Bergara, 1965). GARAI BERRIAK, Gipuzkoako Futbol Federaziorako hautagaitza
«Aldaketak egiteko garaia da»
Gipuzkoako Federazioko hauteskundeen karira, aldaketaren alde agertu dira hainbat jokalari eta entrenatzaile
Aitor Altuna: «Konpetiziotik at, proba librean beste anaitasun eta disfrutatzeko modu bat aurkitu nuen»
Transpyrenees proban parte hartu berri duen Aitor Altunarekin solasaldia