FUTBOLA

«Aldaketak egiteko garaia da»

by | 2020/09/11

Argazkiak: fgf-gff.org

Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeei begira aldaketak eskatu dituzte hainbat jokalarik eta entrenatzailek

Barrura begiratu, azterketa sakona egin eta, ausardiaz, aldaketak burutzea proposatzen dute kirolariek

Erreferentziazko jokalari eta entrenatzaileak dira tartean: Martin Begiristain, Maite Lizaso, Luis Martin Sukia, Andoni Azkargortga, Laura Gomez, Manu Urbieta, Gurutzen Fernandez, Mikel Labaka eta Igor San Miguel, besteak beste.

Esparru askotan behar direla aldaketak diote. Aginte horizontala aldarrikatzen dute, Gipuzkoako futbola eragile guztien artean osatu eta antolatu behar dela

Kluben eta jokalarien arteko loturari ezinbestekoa deritzote: “Jokalaririk gabe ez dago klubik, eta klubik gabe alferrik dira jokalariak”

Halaber, gaineratzen dute ezin dela emaitzen atzean ezkutuan utzi hainbat eta hainbat lagunek musu-truk egiten duten lana herrietako futbola hil ez dadin. “Gizarte lan handia egiten dute klubek, eta lehiaz harago begiratu beharra dago lan horri bultzada, babesa eta ikusgarritasuna emateko”, azpimarratzen dute sinatzaileek.

Oso garbi daukate etorkizuneko zutabeak zeintzuk izan behar diren, eskatzen dituzten haize berri hoiek zertan oinarritu behar diren:

  • Gardentasuna aldarrikatzen dute izen eta abizen ariketarik haratago.
  • Kalitatezko formakuntza eta euskararen erabilera jokalarien artean zein arbitroetan.
  • Emakumeen futbola zaintzea eskatzen dute eta emakumeak erabaki guneetan egotea.
  • Euskal selekzioaren aldeko jardun akituaren beharra azpimarratzen dute.

Gauzak horrela, futbolari arropa berriak janzteko garaia dela argi dute. Barrura begiratu, azterketa sakona egin eta ausardiaz, aldaketak proposatzekoa, alegia.

Adierazpena

ALDAKETA GARAIA

Hauteskundeak izango dira aurten Gipuzkoako Futbol Federazioan. Horrela dio, behintzat, araudiak. 32 urte daramatza presidente bezala Juan Luis Larreak, eta herrialdeko futbolak behar du beste jantzi bat. Hainbat esparrutan aldaketak gauzatzeko garaia da.

Aginte eredu bertikala baino, horizontala da egokiagoa. Eragile guztien artean osatu eta antolatu behar da Gipuzkoako futbola. Goitik behera baino, parez parekoa behar du izan harreman sareak, eta behekoak oinarrian direla, azpian beharrean. Azpikoa ez baita ikusten, gainekoen zama astuna gainetik kendu ezinda. Oinarrian jokalariek behar dute egon, haiena delako futbola, norbaitena izatekotan. Erdigunean egon behar dute lurraldeko futbolaren antolaketa berrian.

Jokalaririk gabe ez dago klubik, eta klubik gabe alferrik dira jokalariak. Ezin dira bakartuta utzi, ezin da haiengana gerturatu hauteskundeak tokatzen direnean bakarrik, hainbat promesarekin. Laguntza behar izaten dute, era guztietakoa, eta ez soilik azpiegiturei dagokiena edo materialarena. Laguntzarik onena maitasuna sentiaraztea da, maitatuak direla sentitzea, ezinbesteko direla sentiaraztea, eta zelai horretan, kluben parte-hartzeari indarra eta lekua eman behar zaie. Ez du mugarik zelai horrek, ez du neurririk.

Mugagabea da klubek egiten duten lana. Ez da bakarrik futbolera mugatzen. Emaitzen diktadurak zulatu egin du baloia futbolean, eta ez bakarrik elitean. Baita herrietako jardunean ere. Ezin da emaitzen atzean ezkutuan utzi hainbat eta hainbat lagunek musutruk egiten duten lana herrietako futbola hil ez dadin. Gizarte lan handia egiten dute klubek, eta lehiaz harago begiratu beharra dago lan horri bultzada, babesa eta ikusgarritasuna emateko. Futbolaren beste aurpegia da hori, azaltzen ez dena, lehiak zanpatua duena, eta nahi bada futbolaren irudi ilunenari argia eman, kluben gizarteko lana hauspotu beharra dago.

Ezkutuan geratzen den horri argia ematea gardentasun ariketa osasungarria litzateke. Baita agintean 32 urte daraman agintariari ere ordezkoa aurkitzea. Baina ez izenak eta abizenak bakarrik aldatuz. Urrunagoa eta sakonagoa izan behar du eraldaketak, aipatu ditugun arloetan eta beste askotan. Futbola eta formazioa baloi beraren parte dira, ez daude bat alde batean eta bestea, bestean. Entrenatzaileek hazten segitu behar dute, eta ez kopuruz bakarrik. Kalitatea behar du hezkuntzak, eta kalitate hori ikasketa ereduan eta egutegien malgutasunean gauza daiteke, adibidez. Zer esanik ez hizkuntzaren esparruan. Euskara zelaitik kanpo dago hezkuntzan, eta lekua egin behar zaio soropilean. Epaileen kasuan ere beste hainbeste. Aztertu, sakondu eta landu beharreko gaia da hori ere.

Gizarte eragile garrantzitsua da futbola, eta daukan oihartzun handiarekin, eraldatzaile ere bada. Emakumezkoen futbola gero eta indar handigoa hartzen ari da, baina indar horren ahultasuna edo gizonezkoen aldean daukan txikitasuna ere hor daude oraindik. Bada lanik horretan ere, eta beste batzuek hartzen dituzten neurriak bere horretan ezartzea ez da nahikoa. Sakoneko azterketa behar du, babesa, eta jakina, emakumezkoek egon behar dute erdigunean, erabakiak hausnartzen, pentsatzen eta erabakitzen. Ezin dute gizonezkoek hartzen dituzten erabakien ikusle izan. Genero berdintasunean, futbola eragile handia izan daiteke, eta indar horren balioari hauspoa eman behar zaio.

Zer esanik ez Euskal Selekzioari. Federazioak oinarri sendoa izan behar du lan horretan. Ez da nahikoa urtean behin lagunarteko partidak antolatzea eta argazkian ateratzea. Askoz sakonagoa da lana, eta gai horren inguruko erabakiguneetan ahotsa eta indarra eskuratu behar ditu Gipuzkoako federazioak ere. Agente aktiboa izatea tokatzen zaio horretan ere, lurraldean gai horri haizea ematea ere badagokio, sarea hedatuz gure futbola osatzen duten eragile guztien artean.

Bada lanik Gipuzkoako futbolean ere. Eta ezin du bakarrik izan txapelketak eta partidak antolatzea. Inertzia horretan ibili da federazioa urteetan, eta jakina ezinbesteko lana ere badela hori, baina partidak edukiz betetzea ere badagokio. Futbolari arropa berriak janztea. Barrura begiratu, azterketa sakona egin eta ausardiaz, aldaketak proposatzea. Hasieran esan dugun bezala, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, talde sendo baten gisa, eragile bat bestea baino gehiago izan gabe. Beste arduradun batzuekin, bestelako futbola posible dela frogatu beharko du Gipuzkoako futbolak.

Sinatzaileak

1. Martin Begiristain
2. Maite Lizaso
3. Luis Martin Sukia
4. Andoni Azkargorta
5. Laura Gomez
6. Manu Urbieta
7. Gurutze Fernandez
8. Mikel Labaka
9. Igor San Miguel
10. Lierni Oyaga
11. Jose Javier Barkero
12. Patri Espinar
13. Iker Sarriegi
14. Iker Dorronsoro “Triki”
15. Maialen Zelaya
16. Jose Luis Ribera
17. Elisabet Enciso
18. German Zudaire
19. Marina Agüoes
20. Igor Arenaza
21. Estibaliz Bajo
22. Jose Manuel Luluaga
23. Igor Jauregi
24. Eguzkiñe Peña
25. Iosu Sarriegi
26. Eli Capa
27. Jon Altuna
28. Mikel Etxabe
29. Maria Goñi
30. Mikel Arregi
31. Fermin Yerobi
32. Araitz Etxabe
33. Aitor Huegun
34. Jon Irureta
35. Iñaki Eskisabel
36. Nerea Eizagirre
37. Beñat Larrañaga
38. Hodei Tena
39. Pablo Turrillas
40. Ander Avellaneda
41. Onintza Ayestaran
42. Xabier Artetxe
43. Aritz Lujanbio
44. Jon Muruamendiaraz
45. Lore Gurrea
46. Jon Irazustabarrena
47. Oihane Ucin
48. Ihintza Iturri
49. Josu Zubia
50. Mikel Azkoiti
51. Eneritz Garate
52. Iraide Eizagirre
53. Alain Eizmendi
54. Jone Bastida
55. Igor Quindos
56. Amaia Iturralde
57. Jagoba Beobide
58. Ainhoa Bereziartua
59. Joane Korta
60. Aitor Manterola
61. Ane Balentziaga
62. Mario Capelete
63. Malen Astigarraga
64. Juan Mari Serrano
65. Eneritz Landa
66. Txema Fraile
67. Ane Borda

FUTBOLA

Penaltietan… Reala txapeldun!

Penaltietan… Reala txapeldun!

Markagailuan Athletic 0-0 Reala amaituta, Realak penaltietan eskuratu du X. Euskal Herria Kopa 2020. Nerea Eizagirrek eraman du jokalari onenaren saria

Alaves-Athletic, urriaren 4an

Alaves-Athletic, urriaren 4an

Urriaren 4an jokatuko da V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren bigarren jardunaldia: Alaves-Athletic. Arratsaldeko 14:00etan, Mendizorrotzan

Share This