«Euskal Selekzioak, balio sinboliko handiko aldarrikapena»
Munduko Futbol Txapelketa gauzatzen ari dela eta, horren haritik, berriz ere egiaztatu ahal izan dugu kirol selekzioen garrantzia. Gure artean kirol nagusia den futbolean Euskal Herria ez da existitzen komunikazio alorrean, adibidez. Munduko Futbol Txapelketa horrek agerian jarri du gurekiko ukazioa, alde batetik, eta bi nazionalismo antagoniko daudela, bestetik: estatuena, kirol ordezkaritza gorenaren monopolioa duena, eta estaturik gabeko nazioena, arlo honetan hutsaren hurrengoa dena.
Txapelketa horrek halaber ondo erakutsi dizkigu nazionalismo inperialistaren kontraesanak, besteen nazionalismoak deskalifikatu eta berea aitortu ez. Adibide eskatologiko bat onartzen baldin bazaigu, gogora ekarriko dugu idazle ospetsu batek -umore zorrotzez- behin esan zuena: “nazionalismoak puzkerren antzekoak dira: gureak onartzen ditugu, baina besteenek enbarazu egiten digute”. Aipamen aproposa, ikusita, Espainiako eta Frantziako“munduko hiritar” horiek, euskaldunen eta katalanen “nazionalismo tribalak” gogor salatu eta gaitzesten dituztenak, hain “kosmopolitak” direnak, nola asaldatu eta hunkitu diren Munduko Futbol Txapelketan haien selekzioekin. Aberriko sukarra harro erakutsi dute Espainiako eta Frantziako koloreak defendatzeko orduan: Espainiako banderak non-nahi, pantaila erraldoiak herri eta hirietan, “Viva España”, “todos con la Roja” eta antzeko esloganak komunikabide guztietan… Eskerrak nazionalistak ez diren! Izango balira…
Kirol selekzioen bitartez borrokatzeko ohitura da Antzinako Greziaz geroztik eta guk ez genuke espainiarren eta frantziarren nazionalismoa kritikatuko haiek gure nazionalismoa errespetatuko balute (nahiz eta haiena nazionalismo erasokor eta inperialista izan, eta gurea defentsakoa); hau da, lehia horretan parte hartzeko dugun eskubidea errespetatuko balute. Baina tamalez, ez da hori gertatzen. Kirol esparruan, esaterako, espainiar agintariek ez digute uzten gure kirol selekzio propioak edukitzen, eta hori sortzen saiatzen garenean“nazionalista fanatiko”-tzat jotzen gaituzte. Haiek, jakina, euren kirol selekzioak dauzkate, baina ez dira fanatikoak eta ezta nazionalistak ere. Haiek duten eskubidea guri behin eta berriz ukatzea ez da jarrera nazionalista.
Ondo baino hobeto dakite ukatzaile horiek kirol selekzioek dituzten balio sinbolikoa eta indar politikoa handiak direla. Jakitun dira Munduko edo Europako Futbol Txapelketa irabazteak izugarri hauspotzen duela Herri baten sentimendu nazionala. Badakite halako txapelketa batean Euskal Selekzioaren balizko garaipenak 30 urteko propaganda nazionalistak baino abertzale gehiago sortuko lituzkeela… Badakite eta hori saihestu nahi dute.
Horrenbestez, NAZIOGINTZA taldearentzat estrategikoa da euskal kirol selekzioen afera. Badakigu Estatu baten ohiko identitate ezaugarriak (muga fisikoak, moneta, armada, burujabetza ekonomikoa) Europan desagertzen ari direnean, ezaugarri kulturalak eta balio sinbolikoak ari direla bihurtzen Estatuen ikur eta barne kohesioa ziurtatzeko berme nagusi. Nazioarteko lehiaketetan kirol selekzioek Herri osoa aktibatzen dute balio batzuen inguruan, kirol baloreetatik harago zabaltzen direnak.
Euskal Herriko Mendebaldeak abagune historikoa du orain aurrerapausoak emateko arlo horretan, Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Estatus Berriaren bidez. Kirol selekzio propioak izateko eskubidea eta eskubide horren egikaritzea jaso beharko lituzke Estatus Berri horrek, behingoz naziogintzari behar den garrantzia emateko. Orain dugun aukeraz baliatuko al dira horretan ari diren politikariak?
Euskadiko Distantzia Luzeko Traineru Txapelketa Legution
Gizonezkoetan Zierbenak lortu zuen garaipena eta emakumezkoetan Donostiarra trainerua nagusitu zen
Erabakita gelditu dira Emakume Master CUPeko finalerdiak
Pilota goxoko finalerdiak martxoaren 8an jokatuko dira Beasainen eta mistokoak martxoaren 14an Elgoibarren
Infantil nesken mailako historiako lehen txapelak lortu dituzte Isasa eta Mendizabalek
Historian lehen aldiz jokatu dute Infantil mailako neskek xareko lehiaketa ofizial batean, 2020ko Gipuzkoako Txapelketan
0 Comments