“Txoporen sake hori”
DAVID SALINAS-ARMENDARIZ
KIROL ZUZENBIDEAN ADITUA
berria.eus
→ DAVID SALINAS-ARMENDARIZ • 2018.12.11 • berria.eus
→ berria.eus: Txoporen sake hori
David Salinas-Armendariz
Athleticzaleok ondo gogoratzen ditugu Jose Angel Iribarren keinuak zelaian. Geldiketa bikaina egin ondoren laster begiratu ohi zion desmarkatuta zegoen taldekideren bati eta besoaz, goitik behera, jartzen zuen baloia hor. Askotan sake hori zen beste sareetan bukatuko zuen jokaldiaren hasiera. Hasiera egokia.
Euskal Selekzioaren ibilbidea antzinakoa da, eta azken urteotan zarauztar handi horren eskutik, gainera. Pausoak aurrerantz eman dira, bai, ofizialtasunaren aldeko bidean, kirol arloan behintzat, gure taldeek partidaz partida lehiakortasuna erakutsi baitute. Bestelako gauza da bulegoetakoa, non betidanik horma sendo bat aurrean egon den, eta, tamalez, hor jarraitzen duen. Oztopoak ez dira guztiak kanpotik etorri. Zoritxarrez, etxean ere izan ditugu, eta badirudi barruan dirautela.
Ulergaitza bada ere, orain arte Euskadiko Futbol Federakundeak bere bizitza osoan zehar ez du sekula nazioarteko ofizialtasunaren aldeko akordiorik egin, ezta UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaerarik adostu ere. Etxeko lanak egin gabe daude oraindik.
Hala eta guztiz ere, hurrengo egunotan badago aukera prozesua behin batean martxan jartzeko. Abenduaren 12an, non eta Durangon, EFFko batzar orokorra deituta dago gai honen gainean, egun, euskal futbolaren borondatea zein den erakusteko. Bazen garaia.
Askok esango dute lehenengo kasillan besterik ez gaudela, baina, egia esan, honaino heltzea ez da berez erraza izan. 2017an ospatutako batzarrean gaia alde batera uztea erabaki zen, hausnarketarako epea irekiz. Ildo horretatik, azken hilabeteotan hiru lurraldeetan topaketak antolatu dira, eta klub guztiek izan dute parada ederra iritziak eta zalantzak mahai gainean ipintzeko. Esan beharra dago parte hartu duten guztiak ados ageri izan direla batzar erabakigarri bat ospatzearekin. Gauzak horrela, euskal federakundeko presidentea den Elustondo jaunak hitza eman zuen bilera hori deitzeko, eta konpromisoa bete egin du berarentzat erraza izan ez arren, esan beharrik ez dago.
Bukatzeko, beste pare bat gauza aipatu nahiko nituzke. Hurrengo asanblada erabakigarri horren aurrean ezinbestekoa da, nire ustez, batzarrean partaideen botoak publikoak izatea. Zergatik? EFFko estatutuek kasu honetarako hala jasotzeaz aparte, hain zuzen ere, horren garrantzi handiko den gai honetan bazkide zein zale bakoitzak bere klubak edukitako jarrera ezagutzeko eskubidea duelako.
Bestalde, Euskal Selekzioko jokalari eta hautatzaileen ordezkaritzaren parte hartzea funtsezkoa da Durangoko zitan, bereziki, erabakiak Selekzioaren etorkizunean izango dituen ondorioak kontuan hartzen baditugu.
Oraingo honetan badugu aukera baloiak sareetan amaitzeko. Horretarako, jokoan jarri behar da, Iribarrek bere sakearekin egiten zuen bezala.
Maialen Saez: “Ofizialtasuna eskatuta diogu Nazioarteko Surf Federazioari”
1995 arte Nazioarteko Federazioan zen Euskal Surf Federazioa eta euskaldun gisa aritzen ziren nazioartean
Javier Saez: “Nazioarteko Federazioan sarrera eskatzeko asmoa dugu”
Euskadiko Igeriketako Federazioko Presidente Javier Saezekin elkarrizketa
Aldaketak eman dira Euskadiko Futbol Federazioaren organigraman
Mikel Etxarri juntakide berria arituko da kirol zuzendaritzaz