IGERIKETA

Javier Saez: “Nazioarteko Federazioan sarrera eskatzeko asmoa dugu”

by | 2020/02/10

Argazkiak: eif-fvn.org

Igeriketa Federazioko Presidente Javier Saezekin elkarrizketa, Euskal Selekzioaren ofizialtasun eskaeraren harira

 

Euskadiko Igeriketako Federazioko Presidentea den Javier Saezekin egon gara hizketan. Caracasen orain 63 urte jaiotako Bilbotar honek (11 urtez geroztik  bizi da Bilbon) denbora luzea  darama  igeriketa munduan. Lehenik waterpoloko jokalari gisa, gero entrenatzaile, lanbidez ere tokatu zaio kirol honetan aritzea eta egun Euskadiko federazioko presidentea da.

Nazioarteko Federazioan sarrera eskatzeko asmoa dutela aditzera eman digu, horretarako giroa egon badagoelako eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituztelako. Ea bada, itxaropen faltsurik sortu nahi ez badute ere, motzean poz bat ematen diguten Euskadiko Igeriketako Federaziokoek. Arreta haundiz jarraituko dugu EH Kiroleko kideok gai honen inguruko bilakaera.

Jakin izan dugu berriki bilera bat izan duzuela  Igeriketaren nazioarteko ofizialtasuna eskatzeko FINA-n (Federation International of Natation)

Bai batzar informatibo bat izan genuen  Euskadiko Federazioko aretoetan gure kirolari, entrenatzaile eta abarrek gai honen inguruko zalantzak argitzeko aukera izan zezaten.

Davis Salinas, Eusko jaurlaritzako aholkulari juridikoa etorri zen eta informazioa emateaz gain, zalantzak argitu zituen.

Zer da zehatz mehatz egiteko asmoa duzuena?

Hasteko gure federatuak ondo informatzea da egitera goazena. Batzar bat egin genuen eta ondo informatu ginen batzuk, baina asistentzia  guk nahi baino txikiagoa izan zen. Bide horretan jarraituko dugu. Oso inportantea baita ondo jantzita hartzea erabakia, eta denak ondo informatuak izatea.

Bestalde, ez dugu espektatiba faltsurik sortu nahi. Bide bat egiteko giroa eta jarrera ikusten dugu gure igerilari eta kirol honetako partaideen artean, baina zuhurtziaz  jokatu nahi dugu.

Dena den gauzak bere bidetik badoaz, berandu baino lehen beste  batzar bat egingo dugu eta han aztertuko dugu nazioarteko  Federazioan (FINA-n) sarrera eskatu ala ez.

Zer giro ikusten duzu?

Nik jarrera  ona ikusten dut, baina badaude beldur batzuk ere bai, batez ere Espainiako federazioak har dezakeen  jarreraz, baina esan dudan bezala, ondo informatuko gara, zuhurtziaz jokatuko dugu eta ni itxaropentsu nago.

Gainera, esan zaigunez NIFA-ko estatuetan badago artikulu  bat non kirol herrialde denak  kide izateko eskubidea duten. Kirol herrialde zer den ere definituta dute  eta guk betetzen ditugu baldintza horiek. Izan ere, kirol eskuduntzak izan behar dira eta Euskadiko Erkidegoak baditu kirol eskuduntzak. Beraz, baldintzak betetzen ditugula esaten digute aholkulari juridikoek.

Orain nazioartean euskal selekzio gisa jokatzen al duzue ofizialki?

Bai, igeriketako  hiru proba jokatzen diren nazioarteko txapelketa batean jokatzen dugu. Bartzelonan, Monakon eta Cannet-en jokatzen da proba hau eta ofiziala da, han ateratako markak nazioartean homologatzen baitira.

Share This