EUSKAL PILOTA
Plazaz Plazako jardunaldia jokatu zen igandean Otxandion
Plazaz-plazak ez du etenik eta asteburu honetan Bizkaiara egin zuen jauzi
Aurreko asteburuan Nafarroan hasi zuten Plazaz-Plaza txapelketa, eta asteburu honetan Otxandion aritu ziren pilotariak, igandean, 18:00etan hasita (Ados Pilotaren Facebook-etik zuzenean eskaini zuten saioa).
Aurreko jardunaldian bi partidu lehiatu zituzten, baina asteburu honetan, ordea, partidu bakarra jokatu zuten, Olatz Arrizabalaga- Ane Mendiburu eta Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa, hain zuzen ere.
Jende asko hurbildu zen pilotariak animatzera eta giro bikainean aritu ziren guztiak, Otxandio erdian dagoen plaza zoragarrian jokatutako Plazaz Plazako jardunaldi bikain honetan. Hasteko Otxandioko eta Dimako pilota eskolako neskek aukera paregabea izan zuten herritarren aurrean partidua jokatu eta gozatzeko.
Txapelketari dagokion partiduan, norgehiagoka bikaina jokatu zuten lau pilotariek bero haundiari aurre eginez, oreka izan zelarik lehiako protagonista. Plazako frontoiari neurria hartzeko lanean, eta tenperatura altuen ondorioz, hasieran laurak ere partiduan sartu ezinik ibili ziren. Arrizabalaga eta Mendiburu etenik gabe erasoan aritu ziren, eta Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendi horiei eusten defentsan, baina orohar nahiko parekatua joan zen lehia.
Amaiera aldera urdinek tartetxoa ireki zuten baina gorriek ez zuten amore eman eta oso estu hartu zituzten berriz ere aurkariak azkeneko tantoetan. Hala ere, azkenean, Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk 22 eta 19 irabazi zieten Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiri. Mendiburu gazteak atzean oso ondo eutsi zuen eta Arrizabalagak aurrean tantoak asmatuta garaipena eskuratu zuten.
Plazaz Plaza Txapelketa
Zortzi bikotek lehiatuko dute Plazaz-Plaza txapelketa, eta bi multzotan banatuta arituko dira kanporaketetan. Talde edo multzoko onenak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira (uztailaren 31n jokatzea aurreikusita dago), eta talde bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenak lehiatuko dituzte uztailaren 24an eta 25ean. Finala, berriz, abuztuaren 14an izango da.
Emakume Master Cup txapelketako txapelak jantzi dituzte Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak
Bi irabazleak jaun ta jabe izan ziren ta merezita erdietsi zuten garaipena
Iparraldeko finalerako txartelak zehaztu dira Iruran, Xarearen festan
Finala abenduaren 21ean, Senperen jokatuko da, Joxi Lopetegi eta Mikel Funosasek Driolet eta Sistiagueren aurka lehiatuko direlarik
Iparraldeko Xareko Ligako finalerdiak, larunbatean Iruran
Munduko jokaliririk onenak arituko dira Iruran xarearen eta herriaren arteko harremanaren urteurrena betetzen delarik