EUSKAL PILOTA

Plazandreak saioak indartsu hasi du denboraldia

2021/06/23

Zornotzako pilotaleku ederra agertoki ezin hobea zutelarik, indartsu ekin diote aurtengo Plazandreak saioaren edizioan parte hartu duten pilotariek txapelketari. Lehenengo jardunaldia oso interesgarria suertatu da, partida oso orekatuekin eta etorkizun hurbilean izarrak izango diren pilotariak indartsu datozela ikusteko aukera eskainiz.

Lehen jardunaldi honetan Mikel Inuntziagaren taldeak bi puntu lortu ditu, biak bakarkako partidetan, ondo landutako estrategia bati esker, baina Reyes Azkoitiaren taldea ere ez da esku hutsik itzuli etxera eta aurtengo txapelketan puntu bakoitzak garrantzi handia izan dezake finalerako sailkatuko diren taldeak erabakitzerako orduan.

Lehen partida izan da hiruretan desorekatuena eta, iazko bideari jarraiki, Olatz Arrizabalagak 12-3 irabazi dio Miren Larrarteri.

Binakako partida oso desberdina izan da eta gernikarrak ezin izan dio txapelketa honetan zeraman garaipenen bolada izugarriari jarraikortasunik eman, Nora Mendizabalek lagunduta, 9-12 galdu baitute Miren Larrarte eta maila bikaina eman duen Capellan gazte errioxarraren aurka. Hauxe izan da Arrizabalagak txapelketa honen bi edizioetan galdu duen lehen partida.

Eta emozioak azken partidan jo du goia, tanto bakarreko aldearekin nagusitu baita Madalen Etxegarai Miriam Arraizaren aurka 12-11.

Lehenengo jardunaldiaren emaitzak:

Arrizabalaga 12 /Larrarte 3

Arrizabalaga-Mendizabal 9 / Larrarte-Capellán 12

Etxegarai 12 /Arraiza 11

Plazandreak Txapelketa

Muinean, lehiaketak iazko bideari jarraituko dio, hau da, taldeen arteko lehiaketa bat izango da eta jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira, banaka Lau eta Erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Baina esan bezala, saioak orekatuagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, zenbait berrikuntza sartu dituzte antolatzaileek.

Esaterako aurten hiru talde arituko dira, Erlantz Garcia, Mikel Inuntziaga eta Reyes Azkoitiak zuzenduko dituztenak eta hiru aditu hauen lanak garrantzi berezi bat hartuko du, hauen estrategiak erabakigarriak izango direlako. Izan ere, aurten banakako lehen partida jokatzen duen pilotariak ezin izango du bigarren buruz burukoan errepikatu, binakakoan aritzea izango du, eta horrek beste saltsa bat emango die jardunaldiei.

Gainera, finalerako sailkatzeko talde bakoitzak irabazitako partidak hartuko dira kontuan eta hori dela eta partida guztietan euren onena eman beharko dute pilotariek, finalerako txartela puntu bakarraren baita egon ahal da eta.

Lehiaketa ekainaren 21etik abuztuaren 2ra luzatuko da, hau da, sei jardunaldi eta finala izango ditu eta denak Zornotzan jokatuko dira, finala barne. Printzipioz, ligaxka ateak itxita jokatuko da eta osasun egoerak hala utziko balu, finala publikoarekin jokatzea da asmoa.

Parte hartzaileei dagokionez, esperientzia eta gaztetasuna uztartuko dituen txapelketa izango da aurtengoa, hau da, momentuko pilotaririk onenek etorkizunean izar izango diren horiekin osatuko dituzte taldeak. Esaterako, iazko protagonista nagusiak izan ziren Olatz Arrizabalaga –jokatutako buruz buruko partida guztiak irabazi zituen– eta Nora Mendizabal bertan izango dira eta gazteen artean azkenaldian zeresan ugari ematen ari den Andrea Capellan, Miguel Capellan pilotari profesionala izan zenaren alaba.

Eskaintza oparoa da, freskoa eta kalitatezkoa, aurtengo udako astelehen gauetarako. Saio berezia eta emakumeen esku pilotari indarra emango dioena.

Share This