EUSKAL PILOTA
Pilota profesionala ekainaren 24an itzuliko da Eibarko Astelenan
Pandemiaren aurreko azken pilota jaialdi profesionala, martxoaren 8an jokatu zen Bilboko Bizkaia pilotalekuan, non esku binakako txapelketako finalerdietako lehenengo jardunaldia burutu zen. Egun horretako partida nagusian, Aimar Olaizolak eta Aitor Arangurenek 22-10 irabazi zioten Unai Laso eta Jon Ander Albisuk osatutako bikoteari.
Geroago, bigarren jardunaldirako material hautaketak gauzatu baziren ere, jada ez zen berriro partidarik lehiatu, eta txapelketako bigarren saio hori jokatu behar zen larunbatean bertan, kirol ekitaldi guztiak eten zituen alarma egoera indarrean jarri zuen Espainiako gobernuak.
Egun batzuk beranduago, Aspe zein Baiko entrepresek, bere langile guztientzako ABEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente) bat jarri zuten martxan, gaurdaino luzatu dena.
Orain, pilota enpresek aldi baterako enplegu erregulazioa bertan behera utzi ostean, etenaldiaren osteko aurreneko partida noiz izango den argitu da, pilotazaleen gozamenerako. Hasiera batean, uztailaren 1ean Irungo Uranzu pilotalekuan izango zela zabaldu zen, baina azkenean, Eibarko Astelenan ekingo diote berriro lehiari pilotariek, San Joan egunean.
Egun horretan, Baiko Pilota eta Aspe enpresetako bikote mistoak (parte hartuko duten pilotarien izenik ez da oraindik zehaztu) arituko dira nor baino nor gehiago eta ETB1ek eta eitb.eusek zuzenean emango dute jaialdia, 17:00etatik aurrera.
Dagoeneko, Aspek ABEEa kentzeko erabakia egun batzuk aurreratu du eta zortzi pilotarik osatutako taldea hasia da Amezketako pilotalekuan entrenatzen, Jon Apezetxearen aginduetara.
Baiko enpresako pilotariak aldiz, hurrengo ostiralean, ekainak 19, hasiko dira taldeka entrenatzen eta astebete gutxiago izango dute beraz lehenengo jaialdi hau prestatzeko.
Gauzak horrela eta etorkizun hurbilari begira, Binakako Txapelketa (finalerdietako ligaxkako bi jardunaldi eta finala bera geratzen dira jokatzeke), eta Banakakoa (formato murritzagoan lehiatuko dela ematen du) noiz eta nola gauzatuko diren argitzea izango da hurrengo erronka.
Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII.Paleta Txapelketa
Ainhoa Lakuntza zarauztarrak eta Irati Tolosa zizurkildarrak 30-13 irabazi zieten Saioa Iraola zarauztarra eta Maialen Manterola aiarrari
Plazandreak Udako Torneoaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Ainhoa Ruiz de Infantek, Maite Ruiz de Larramendik eta Leire Garaik osatzen duten Naroa Elizalderen agindupeko taldeak eskuratu zuen garaipena
Euskal Herriko Pala Txapelketako finalerdiak, hurrengo asteburuan
Euskal herriko Pala Txapelketaren XXXVIII. edizioa azken fasean sartu da, astebukaeran sei finalerdiak jokatuko direlarik