HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Peñagarikanok irabazi du Aizperroren aurka lehiatutako desafioa
Peñagarikano nagusitu zen Azpeitian Aizperrori sei segundoko aldea aterata, harria jasotzen, aizkoran eta korrika arituta jokatutako apostuan
Josean Olaskoaga ‘Aizperro’ arraunlari ohiak eta Kepa Peñagarikano pilotari ohiak apustua hitzartu zuten azaroaren amaieraldean, Azpeitiko Mendizabal tabernan.
2020ko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatzekoa zen baina atzera bota behar izan zuten, Aizperro-ren lesio bat zela medio. Segidan konfinamendua etorri zen eta bertan behera geratu zen.
Gerora, data berria adostu zuten eta azkenean ezusteko berririk gertatu ez denez, iragan larunbatean, uztailak 18, lehiatu zen Azpeitiko zezen plazan Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga Aizperroren arteko desafioa.
Kirolari petoak badira ere, bi partaideek denbora gutxi daramate herri kiroletan, izan ere, modalitate ezberdinetan ibili dira orain arte, Aizperrok arraunean egin du bere kirol ibilbidea, eta Peñagarikanok, berriz, pilotan.
Desafioan egin beharreko lana honakoa izan zuten: hasieran harri-jasotzen 100 kiloko bola erabili zuten. 35 jasoaldi eman ondoren, aizkoran aritu ziren sei kana-erdiko enbor moztuz eta azkenik, korrika 4 kilometro eta 500 metro osatu behar izan zituzten. Proba bukatutakoan, berriz, dopin proba pasatu behar izan zuten biek.
Esan bezala, Peñagarikanok zein Aizperrok ehun kiloko bolari 35 altxaldi eman behar izan zizkioten apustuari hasiera emateko. Azpeitiarrak harrijasotze lanak aurretik amaitu zituen, 6 minutu eta 21 segundoko denboran, hain zuzen ere. Oriotarrak aldiz, bi minutu eta 35 segundo gehiago behar izan zituen altxaldi kopurua osatzeko.
Ondoren, aizkoran hasi ziren bi lehiakideak. Peñagarikanok egur guztiak ebaki zituenean 28 minutu eta 29 segundotan zegoen ordularia, eta Aizperrok aldiz 34 minutu eta 10 segundo behar izan zituen aizkorako lanak borobiltzeko.
Apustua amaitzeko 4,5 kilometro lasterka egin behar izan zituzten bi kirolariek. Azpeitiko zezen plazari 45 itzuliak osatutakoan, Kepa Peñagarikanoren denbora orokorra 51 minutu eta 31 segundokoa izan zen eta Josean Olaskoaga Aizperrorena, berriz, 57 minutu eta 37 segundokoa. Behin hiru probak amaituta beraz, sei minutu eta sei segundoko aldea atera zion azpeitiarrak oriotarrari, eta ondorioz, jokoan zeuden 6.000 euroak poltsikoratu zituen.
Mila lagun inguru elkartu ziren azkenean Azpeitiko zezen plazan, antolatzaileek ezarritako neurriak zorrotz beteta. Besteak beste, ikusleek plazara sartu aurretik beren datuak utzi behar zituzten, distantziak mantendu behar izan zituzten eta maskarak jantzi ere noski.
Urrizak eta Zaldua I.a nagusi Sagardoaren Txapelketako finalean
Bereziartuako bikoteak finalean 30-22 gainditu zituen Setieneko Ansa II.a eta Labaka
Abian da Plazaz Plaza emakumeen eskuzko pilotarien txapelketa
Emaitzak: Agirre-G.Aldai 22 Arrieta-Elizalde 8 eta Aldaregia-M. Ruiz de Larramendi 9 Salsamendi-Orbegozo 22
Eskuzko Nafarroako Foru Komunitatea Txapelketak aurrera darrai
Finaletarako bidea argitu da, Berriozar eta Berako beste jardunaldi bikoitz arrakastatsu baten ostean