HERRI KIROLAK/AIZKORA
Pello Osorok eta Enara Oronozek emaitza dotorea erdietsi dute neguko triatloian
Enara Oronoz (Otsagabia, Nafarroa, 1991) eta Pello Osoro (Eibar, Gipuzkoa, 1992) Harbinen (Txina) lehiatutako triatloian emaitza polita lortuta bueltatu dira etxera.
Iaz, otsailean, neguko triatloiko Espainiako txapelketa irabazi zuten biek eta Txinan jokatzen den Munduko Kopako proba honetan parte hartzeko gonbita jaso zuten.
Bertan, errusiarrak izan dira nagusi bai emakumezkoen frogan zein gizonezkoetan. Pello Osoro zortzigarren helmugaratu da, 1:28:00ko denbora eginda. Enara Oronoz bederatzigarrena izan da, 2:05:56ko denborarekin.
Gizonezkoetan lehenengo hiru postuak eskuratu dituzte, izan ere, irabazlea Pavel Andreev izan da 1:22:51 denborarekin, bigarrena Evgenii Evgrafov (1:23:03) eta hirugarren Pavel Yakimov (1:23:14).
Emakumezkoetan ere aurreneko hiru postuak errusiar kirolarientzat izan dira: Daria Rogozina izan da irabazlea (1:34:27), Yulia Surikova bigarren (1:35:04) eta hirugarrena Svetlana Sokolva (1:37:41).
Lehenbiziko nazioarteko proba izan zen Oronozentzat, Osoro, berriz, kanpoan lehiatutakoa zen honezkero. Zailtasunak nonahi topatu zituzten bi kirolariek, ez zen bakarrik lasterketaren gogortasuna pairatu zutena, baita Txinan eduki zituzten tenperaturak (lasterketa hasieran, kartel bat ipini zuten, aireko tenperatura zero azpitik hamasei gradu zela esanez) eta formatu aldaketa bera ere.
Biak daude gustora lortutako emaitzarekin baina hala ere sentsazio gazi-goxoa dute jasandako gorabehera batzuk hobeto kudeatu ezkero aurrerago bukatzea posible ikusi baitzuten.
Lasterketaren nondik-norakoak honakoak izan ziren: elur gaineko korrika saioarekin hasi eta ondoren mendiko bizikletaren txanda zetorren. Azkenik, iraupen eskiko saioa izan zen.
Korrikako eta bizikletako diziplinak elur gainean egitea izan da dudarik gabe bi euskaldunek jasan duten aldaketa nagusiena, euskal herriko triatloietan asfaltoan aritzen direlako korrika zein bizikletaren gainean.
Etorkizunari begira
Enara Oronozeentzat neguko triatloiak dira bere helburua baina mendiko lasterketetan ere lehiatuko da noizbehinka. Mendiko bizikletan ibiltzeko gogo handia dauka eta aurtengo denboraldia kirolak tartekatuz emango du, udako triatloiren bat barne.
Osorok aldiz, Munduko eta Europako Txapelketez gain, Soulorren [Pirinioak, Frantzia] neguko beste triatloi bat eta Pauen egiten duten Pyrenea Triathlona ere lehiatzeko asmoa dauka. Horretaz aparte, Euskal Herriko distantzia erdiko triatloiak egingo ditu, aurreko urteetan bezalaxe.
Gizonezkoen sailkapena ikusteko sakatu HEMEN
Euskal Herriko 3.Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatu da larunbat honetan Otxandion
Eneko Saralegi txapelduna eta Ioritz Gisasola txapeldunordea igo dira bigarren mailara
Euskal Herriko lauko sokatira txapelketako finalak jokatu dira Berriozarren
Emakumezkoen 260 kiloko zein gizonezkoen 300 kiloko finaletan Beti Gaztek eskuratu du txapela
Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da Mikel Larrañaga azpeitiarra
Urrezko Aizkolariak Urrestillan. Mikel Larrañaga finalera sailkatu zen atzo.