HERRI KIROLAK/AIZKORA

Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da Mikel Larrañaga azpeitiarra

by | 2019/12/16

Igandean, 12.30ean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu da aizkolarien, harri jasotzaileen eta ingude jasotzaileen ekitaldia. Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra Urrezko Kopako finalera sailkatu da

 

Pasa den astebukaeran Mendaron, Eneko Otaño beizamarra mendean hartuta Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra finalerako sailkatu eta gero Aizkolari Kopako beste finalerdia lehiatu da igande honetan Urrestillan.

Mikel Larrañaga Azpeitiko aizkolaria eta Jon Rekondo leitzarra izan dira aurrez aurre Txikuri pilotalekuan finalerako txartela lortzeko asmoz.

Mikel Larrañaga Kopako iazko irabazlea da eta Jon Rekondo abenduaren 6an agurainen izandako kanporaketan Ugaitz Mugerza II.a mutrikuarra garaitzetik zetorren. Orduko hartan, Hamar enbor ebakitzen azkarrena Jon Rekondo leitzarra izan zen; 24 minutu eta segundo bat behar izan zituen. Bere aurkariak, k, 26 minutu eta 21 segundo.

Honako hontan ordea, Rekondok ezin izan du aurkaria mendean hartu. Mikel Larrañaga azpeitiarrak 27 minutu eta 50 segundoan ebaki ditu hamabi kanaerdiko enbor. Rekondok, aldiz, 28 minutu eta 49 segundo behar izan ditu. Larrañagak eskuratu du, beraz, Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela. Finala Julen Alberdi Txikia IV. aizkolari azkoitiarraren aurka jokatuko du Larrañagak abenduaren 31n, Asteasun.

Aizkola Kopako saioaz gain, Gabonetako Harrijasotze Txapelketa eta Emakumeen Gabonetako Ingude Txapelketa ere jokatu dituzte Urrestillan.
Beñat Telleria harri-jasotzaileak 78 altxaldi eman dizkio 100 kiloko harriari. Hiru minututako altxaldietan, zilindro zaharrari 33 jasoaldi eman dizkio, kubikoari 20 eta bolari 25.
Ingude lehian, berriz, Maika Aristegi nagusitu da Estibaliz Cidaden aurka.Aristegik 1,30”ko epean 97 jasoaldi eman dizkio eta Cidadek 86 denbora berean.

Share This