MENDI LASTERKETAK

Paul Bereziartua eta Enara Oronozek irabazi dute Igartzako Mendi Duatloia

2021/09/12

Pasa den asteburuan hasiera eman zitzaion 2021ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari Igantzin (Nafarroa) lehiaturiko lasterketarekin, non banakakoan Iñaki Isasi Flores nagusitu zen eta erreleboka berriz Koldo Herrera Urroz eta Aitor Blanco Urmeneta izan ziren irabazleak.

Larunbat honetan berriz jokatu da zirkuitoko bigarren proba Beasainen, Igartzako Mendi Duatloia, hain zuzen ere, bertan Paul Bereziartua durangarrak garaipena eskuratu duelarik. 42 atletak parte hartu dute banakako modalitatean, eta beste 30ek bikoteka. Lehen bikotea berriz, Koldo Agirre eta Jon Ormaetxea beasaindarrek osaturikoa izan da.

Igartzako Mendi Duatloiaren bederatzigarren edizio hau ez da aurrekoak bezalakoa izan, ibilbide berria izan baitu: bigarren sektorearen zati bat aldatu da eta hirugarrena guztiz berria izan da. Izan ere, bigarren zatian, bizikletakoan, Usurbeko maldetan barrena itzuli bakarra eman zuten, baina luzeagoa. Behin bizikletatik jaitsita, hirugarren zatian, korrika Igartzako Monumentu Multzora jo zuten, Gudugarreta aldera joan beharrean. Hori bai, helmuga urteroko lekuan egon zen, Ixabel Olano plazaren parean. Aldaketa hauekin, aurtengo proba apur bat gogorragoa egin zen.

Lasterketari dagokionez, aurreko asteburuan Igantziko lehen lasterketan azaldu ziren faboritoek ez dute hutsik egin honakoan ere. Beasaingo Igartza auzoko helmugan, 21 urteko Paul Bereziartua izan da onena, eta bigarren Iñaki Isasi beteranoa. Igantzin, hain zuzen, Isasik irabazi zuen, eta Bereziartua bigarren izan zen. Emakumezko bakarrak parte hartu du banakako duatloian, Enara Oronoz nafarrak. Hark irabazi du Igartzako saria, 1:36:16 denborarekin.

Bikoteka, erreleboka  Banakakoarekin batera, bikotekako lasterketa ere jokatu da. 15 bikotek parte hartu dute, horietatik bi mistoak. Trigoi triatloi taldeko Koldo Agirrek (korrika aritu da) eta Jon Ormaetxeak (mendi bizikletan) irabazi dute (1:13:46). Borja Aranzabe eta Oier Elortza izan dira bigarren, 12 segundora, lehia estua eskainiz.

SAILKAPENAK

Banaka gizonezkoak

Paul Bereziartua (Mugarra Triatloi Taldea), 1:11:10

Iñaki Isasi (Aiaramendi), 1:11:52

Eneko Gurrutxaga, 1:12:32

Josu Urrestarazu (Idiazabal), 1:12:59

Alexander Ordeñana (Basabikes), 1:13:50

Javier Fernadez, 1:14:35

Aitor Regillaga (Galarregi Galdaratz), 1:15:15

Eñaut Salegi (Niktri), 1:16:02

Jon Aperribai (Galarregi Galdaratz), 1:16:39

Ibon Aristimuño (Sakatu), 1:16:51

Banaka emakumezkoak

Enara Oronoz, 1:36:16

Bikoteka erreleboka

Koldo Agirre – Jon Ormaetxea (Trigoi TT), 1:13:46

Borja Aranzabe – Oier Elortza, 1:13:58

Pello Olaberria – Iñigo Alvarez (Osiñarte), 1:14:37

Ibon Ruiz de Alda – Hugo Ricardo Teixeira (Vibike), 1:14:42

Jose Talavera – Iñaki Salaberria (Independiente), 1:14:45

Euskal Herriko mendi duatloien txapelketa hamar lasterketek osatzen dute. Beraz, zortzi falta dira amaitzeko. Orainarte lehiaturiko bi proben emaitzak kontutan hartuta, sailkapen orokorreko lider jarri da Paul Bereziartua, Iñaki Isasirekin 190 puntura berdinduta. 

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoaren hurrengo proba Urduñan jokatuko da datorren larunbatean, irailak 18, arratsaldeko 16:00etan hasita, probaren ezaugarriak honakoak izango direlarik:

  1. Sektorea: 7 km-ko mendi lasterketa, 264m+
  2. Sektorea: 16 km mendi bizikletaz 496 m+
  3. Sektorea: 1 km-ko mendi lasterketa, 10 m+

Share This