TXIRRINDULARITZA

Pablo Castrillo, Valenciagaren Oroimenezko lasterketako irabazlea

by | 2022/04/11

Pablo Castrillo (Jaca, 2001) Lizarte aldeko txirrindulariak irabazi zuen pasa den igandean Arraten Valenciaga Memorialaren 51. edizioa, bere garaipen boladari jarraipena emanda, izan ere duela bi aste Gorlako igoera irabazi zuen, Bergaran.

Valenciaga Memoriala, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatua, sona haundiko lasterketa da, talde profesionaletako zuzendarien arreta bereganatzen duena, izan ere, lasterketa honetan nabarmentzen diren txirrindulariak mundu profesionalera pasatzera deitzen dituzte sarri.

Lasterketa goizeko 09:00etan hasi zen Eibarko Unzaga plazan. 175 txirrindulariko tropelak 153,5 kilometro egin zituen eta Arrateko Santutegiaren parean amaitu zuten ibilbidea.

Aragoiko txirrindulariaren garaipena Arrateko gailurrerako azken igoeran gauzatu zen, eraso gogorra bota baitzuen bertan, lasterketaren buruan zegoen Davide Piganzoli (Eolo Kometa) harrapatzeko asmoarekin. Italiarra, helmugatik 39 kilometrora egina zuen ihesaldia, Ixuako lehen igoeran, eta sendo mantendu zen ia amaierara arte.

Esan bezala, Arrateko aldapetan gora zihoala, garaileak atzean utzi zuen tropel txikia Piganzoliren errenta oraindik 1: 15ekoa zenean eta igoerako tarterik gogorrena atzean geratu zenean harrapatu zuen, azkenean helmugan 31 segundoko aldea atera ziolarik.

SAILKAPENA

1  Pablo Castrillo Zapater   Lizarte   04:01:10.000

2 Davide Piganzoli   Eolo – Kometa   04:01:41.000

3 José Luis Faura Asensio   Valverde Team – Ricardo Fuentes   04:02:04.000

4 Iker Trigo Hernández Gomur – Cantabria Infinita   04:02:05.000

5 Lucas Towers    Previley Maglia Coforma Bembibre   04:02:20.000

6 Ferrán Robert Torrents   Valverde Team – Ricardo Fuentes   04:02:20.000

7 Antonio Eric Fagúndez Lima   Aluminios Cortizo   04:02:30.000

8 Carmelo Urbano Fontiveros   Súper Froiz   04:02:40.000

9 Xabier Berasategi Garmendia   Laboral Kutxa – Fundación Euskadi   04:02:44.000

10 Sinuhé Fernández Rodríguez   Lizarte   04:02:44.000

TXIRRINDULARITZA