ARRAUNA
Orioko Nazioarteko estropada bertan behera
Apirilaren 25ean jokatzekoa zen Orion Nazioarteko Estropada, aulki mugikorreko hitzordu garrantzitsua, baina gainontzeko kirol ekitaldiak bezala bertan behera geratu da, koronabirusaren eraginagatik
Nazio eta lurralde desberdinetako prestigio handiko ontziek hartu izan dute parte bertan urteetan zehar; Oxford, Cambridge… Aurten ere txapeldun handiak ziren Oriora etortzekoak, baina azkenean ez da posible izango koronabirusaren pandemiaren eraginez.
Orioko Nazioarteko Estropadak 1968tik aurrera Orio Arraunketa Elkarteak Orion antolatzen dituen aulki mugikorreko estropadak dira, bertan munduko talde indartsuek herriko taldearekin indarrak neurtzen dituztelarik.
Lehenengo Nazioarteko Estropada 1968ko abuztuaren 25ean lehiatu zen eta Orion izan ziren munduan lehiatzen den estropadarik famatuenean parte hartzen duten Oxfordeko eta Cambridgeko arraunlariak. 1968ko udarako egun hartan Orioko arraunlariek sekulako estropada egin eta ingelesei aurrea hartzeaz gain, Orio bezalako herri txiki batean maila handiko Nazioarteko Estropada antolatzeko gaitasuna erakutsi zuten.
Egun hartan, jende asko mugitu zen herrian, giro ikusgarria izan zen, txarangak kaleak girotu zituen eta kalejiran ibili ziren herritarrak. Garai hartan, aulki mugikorraren modalitatea nahikoa berria zen herrian, eta kanpoko taldeen aldean Oriok zuen maila konparatzeko gogoa zuen jendeak.
1972 eta 1975. urteetan izan ezik, 68an hasitako lehiaketa 1976. urtera arte ospatu zen, zazpi alditan hain zuzen ere. Urte hartatik aurrera Orio Arraunketa Elkarteak kirol mailako eta nortasun mailako krisi txiki bat izan zuen, eta nazioarteko estropadak bertan behera geratu ziren. Lehen aldi hura amaitu ondoren, bigarren aldia etorri zen, 1989an, 2001ean eta 2004-2009 artean.
Azken ekitaldiak 2015ekoa (Orioko klubak 50 urte bete dituen aitzakian antolaturikoa) eta 2018koa (aurreneko estropada antolatu zenetik 50 urte) izan dira.
Aurten berriz ere egitekoa zen baina esan bezala, Koronabirusa gizartean zabaltzea saihesteko neurri gisa antolatzaileek estropada bertan behera uztea erabaki dute.
Dena den, Orioko Arraunketa Elkartetik adierazi dutenez, aulki mugikorreko hitzorduak garrantzia berezia eta berebiziko ahaleginak egingo dituzte estropada urtean zehar lehiatu ahal izateko. Hori, ordea, arraun liga desberdinen egutegien arabera egongo da. Datozen asteetan batel, trainerila, aulki mugikor eta traineruen egutegiak argitu ahala hartuko da erabakia.
ETE eta KAE ligetako jardunaldia jokatu zen asteburuan
Tolosaldea, Kaiku eta Busturialdea izan ziren irabazleak atzo Pasaian eta Elantxoben jokatu ziren traineru estropadetan
Ekin diote lehiari ETE eta KAE ligetan
Pasaian zein Getarian hasi zuten traineru denboraldia KAE eta ETE ligetako arraunlariek asteburuan lehiatutako jardunaldi bikoitzean
Oriok eta Hondarribiak irabazi dute Lekeitioko Ikurrina
Arraun denboraldiko liga nagusiak hasteko egun gutxi falta direla, Lekeitioko ikurrina lehiatu zen asteburuan