TXIRRINDULARITZA

Aiztondoko klasika atzeratu egin zuten azkeneko unean

by | 2020/03/21

Argazkiak: @AIZTONDOklasika

Aiztondo Klasikaren XVII. edizioa pasa den igandean lehiatzekoa zen baina koronabirusaren aferagatik data berria zehaztu gabe atzeratua izan da.

 

Hasiera batean, lasterketa bere horretan mantentzea zen antolatzaileen asmoa, hori bai, beharrezkoak ziren neurri guztiak hartuta, esaterako irteeran zein helmugan jendetzak ekiditea. Hartara, martxoaren 10ean oraindik indarrean mantentzen zuten lasterketa baina jada ostegunean, martxoak 12, Espainiako Kirol Federazioak erabaki berria hartu eta hurrengo asteetako ekitaldi guztiak bertan behera uzteko edota atzeratzeko deliberoa hartu zuen.

Aiztondoko klasika amateur kategoriko txirrindularitza froga ezaguna da, 2020. urteko ibilbide gorabeheratsuak Asteasun izan behar zuelarik hasiera eta Zizurkilen amaiera. Helmuga, 1980 hamarkada erdialde-amaieran ospatu ziren Klasikoak amaitzen ziren leku berdinean kokatuta zegoen gainera.

Zizurkilek aspaldidanik izan du lotura berezia txirrindularitzarekin. Besteak beste, 1976an Espainiako juvenil mailako txapelketa egin zen, Danenak lehenik afizionatu eta ondoren profesional izan zen txirrindulari taldea izan zuen (Frantziako Tourrean ere parte hartu zuelarik), Emakumeen Txirrindularitzan ere hainbat txapelketa egin dira eta Emakumeen Bira ere antolatu izan da Aiztondon.

Aiztondo klasikak 2003ko martxoaren 9an hartu zuen lekukoarekin aurrera jarraitzen du, esfortzuak esfortzu, kosta ala kosta. Arazoez gainezka, Lasarteko zirkuitoak ezin izan zuen urtetan afizionatu mailan sona eta izen ona izan zuen probaren antolaketarekin jarraitu, eta galerak eragin zitzazkeen kalteei aurrea hartu nahirik Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoak Asteasuko Aitzondo elkarteari luzatu zion proba antolatzeko gonbita. Horrela jaio zen beraz Aiztondo klasika, Aiztondo bailarako herrixken eta elkarteen lankidetzaren fruitua dena.

Aiztondoko Klasikoaren antolakuntza bailarako herrien artean partekartzen da, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Larraul alegia. Herri edo elkarte bakar batek aurrera atera ezingo zukeen antolaketa, denen artean atera ahal izan da, urtero irteera eta helmuga txandakatuz, baina hori bai, beti Aiztondo bailara osoa harrapatzen duelarik.

Antolakuntza kontuetan  maisua izan zen Patxi Alkorta,  lasterketaren izena daramana, izan ere, hark egindako guztia ahazturan eror ez zedin eta haren adibideak luzaroan jarrai dezan erantsi zitzaion karrerari bere izenburua, ondo merezitako omenaldi xume modura.

Iazko edizioan, egun euritsu eta lanbrotsu batean, guztira, 175 txirrindularik hartu zuten parte klasikan, 25 taldek eta talde bakoitzetik 7 kidek. Angel Fuentesek, Gomur Cantabria taldeko txirrindulari izan zen lehena iristen 3 ordu eta ia 16 minutura.

2019ko sailkapena:

1. Angel Fuentes – Eli Gomur-Cantabria Infinita (03:15:45)
2. Roger Adria – Lizarte (03:15:46)
3. Francisco Galvan – Lizarte (03:15:46)
4. Alberto Serrano – Escribano Sport Team (03:15:49)
5. Sergio Roman Martin – Eli Caja Rural-Seguros RGA (03:15:53)
6. Carlos Cobos – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:53)
7. Samuel Blanco – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:56)
8. Carlos Garcia – Kometa Cycling Team (03:15:56)
9. Julen Latorre – Goierriko TB – Laboral Kutxa (3:16:01)
10. Diego Gonzalez – Supermercados Froiz (3:16:05)

TXIRRINDULARITZA

Share This