ARRAUNA
Oriok jantzi du Euskotren ligako txapela
Iragan astetik matematikoki irabazita zuten liga, baina ez zuten ezer ospatu nahi behin betiko garaipena eskuratu arte. Eta liga osoan gertatu bezala, pasa den asteburu honetan ere oriotarrak jaun eta jabe izan ziren Zarautzen, bertako ikurrina irabazita ospatu zutelarik Euskotren Ligako txapela.
Nadeth Agirrek zuzendutako arraunlariak aise nagusitu ziren larunbateko zein igandeko saioetan. Oriok ia hamar segundoren aldea lortu zuen larunbateko estropadan eta tarte hori handitu egin zuen bigarren jardunaldian, abantaila beste hamahiru segundotan handituta.
Ziabogan, Nadeth Agirreren arraunlariek 6 segundo atera zizkioten Donostiarrari, 8 Arraun Lagunaki eta 12 Hondarribiari Horrela, azken luzean aldea handitzen joan da helmugara iritsi arte. Bertan oriotarrek 13 segundo atera dizkiete Donostiarrari, 17 Arraun Lagunaki eta 23 Hondarribiari.
22:01ko denbora osatu zuen Oriok bi jardunaldietan, eta 46 puntu pilatu ditu guztira ligan. Donostiarra izan zen bigarren banderaren sailkapen nagusian nahiz ligan, Oriok baino hamar puntu gutxiago eskuratuta. Arraun Lagunak izan da hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Horrela, liga amaituta, hamabi estropadatik hamarretan izan da garaile Orioko trainerua, eta zortzigarren bandera eskuratu du. Bigarren urtez jarraian irabazi du Euskotren liga.
Nadeth Agirrek patroirik onenaren sailkapenean ere nagusitasuna berretsi zuen Zarautzen, hortaz bera izan da 2020ko denboraldiko Euskotren ligako patroirik onena.
COVID-19ak sortutako ezohiko egoera dela eta, ezin da errezibimendu jendetsurik egin, baina, Orioko emakumezkoen taldeak aurkitu zuen ligako garaipena herritarrekin ospatzeko modua. Igande arratsaldean, kalez kale ibili zen taldea furgonetetan igota, oriotarrei irabazitako banderak eskaintzen. Ederra izan zen erantzuna, txalo zaparrada eta animo oihuak jaso baitzituzten.
Zarautzeko Ikurrinaren sailkapen nagusia:
- Orio 22:01,06
- Donostiarra + 23,64
- Arraun Lagunak +31,72
- Hondarribia + 1:10,10
Eusko Label eta Eusko Tren ligek aurkeztu dute aurtengo egutegia
Eusko Label liga ekainaren 28an hasiko da, oraindik zehaztu gabeko leku batean, eta Euskotren liga uztailaren 4an, Coruñan (Galizia)
Maialen Chourraut, ‘Beldurretan Arraunean’
Brasilgo Olinpiar Jokoetatik Tokioko Olinpiar jokoetarako tartean izandako bizipenak hizketagai ditu Chourrautek dokumentalean
Amaiera eman diote Gipuzkoako batel ligari
Batel liga bukatutzat eman da eta une honetan sailkapenean puntu gehien dituena izango da irabazlea. Bestalde, Gipuzkoako batel txapelketa atzeratu egin da data zehatzik jarri gabe